(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko egitasmoa aurkeztu dute Azpeitian

Ekimenak bi oinarri ditu: euskararen erabilera eta kontzientziazioa, eta kultura eta hizkuntza desberdinak dituzten herritarren parte-hartzea.

Euskara eta kulturartekotasuna lantzeko beharrak hainbat eragile, ikastetxe eta udal egitasmo berri honetara batu ditu. Azaldu dutenez, “udalerri euskaldunetan aldaketa demografiko handia izan da azken urteotan, eta horrek eragin zuzena izan du eskoletan: gero eta gehiago dira jatorri atzerritarreko gurasoek dituzten ikasleak, eta hezkuntza-komunitateak erronka berriari erantzun behar izan dio: euskararen erabilerari eustea, beti ere familia horiekiko komunikazioa bermatuz eta herrian dauden kulturen arteko harremanak eraikiz, haien parte-hartzea sustatuz”.

Horretarako, Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan ekimen aitzindaria abiarazi zuen UEMAk Zaldibian 2021-2022 ikasturtean, bertako udalarekin, eskolarekin eta hainbat eragilerekin batera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen (HUHEZI) laguntzarekin. Ondoren, Aizarnazabalen, Ibarran, Leitzan eta Ondarroan landu du UEMAk egitasmoa, eskolekin. Ikasturte honetan, Azpeitia, Alegia, Arbizu, Areatza, Asteasu, Bera, Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein, Mutriku, Oñati eta Orio batuko dira egitasmora.

Egitasmoa Azpeitian aurkeztu dute, Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiako alkatea eta Leire Sarasua Hezkuntza zinegotzia, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakaria, Amelia Barquin eta Karmele Perez HUHEZIko irakasleak, eta Azpeitiko eskoletako zuzendariak, gurasoekin eta herriko beste hainbat eragilerekin batera.

Lehenago, egun hauetan, UEMAk herriko ikastetxeetako irakasleei eta herriko hainbat eragileri aurkeztu die ekimena, oinarriak eta ikasturtean zehar emango dituzten urratsak azaltzeko, eta ekimenak interes handia sortu du hezkuntza-komunitatean eta herriko hainbat elkartetan..

Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakariak nabarmendu duenez, gaurkoa “egun berezia” da UEMArentzat. Izan ere, UEMAk egitasmo hau dagoeneko beste udalerri batzuetan landu badu ere, “lehen aldiz, bost hezkuntza zentrorekin eta herriko hainbat udal zerbitzu eta eragilerekin abian jarriko dugu, eta egiteko, pentsatzeko eta izateko modu hau Azpeitia osora zein UEMAko gainontzeko udalerrietara zabaltzea da asmoa”.

Lazkanok gogoratu duen moduan, “udalerri euskaldunak babestea eta zabaltzea da UEMAren helburua. Horretarako, oso garbi dugu Euskal Herritik kanpoko bizilagunak eta haien kulturak ere kontuan izan behar ditugula. Elkarrekin lan egin behar dugu euskararen alde. Euskara erdigunean jartzea da gure helburua, eginkizun guztiak euskaraz egitea eta euskaraz bizitzea. Baina euskaraz ez dakiten pertsonekin ere konpartitu nahi dugu helburu hau, haien bizipenak eta beharrak ere kontuan izanda. Horretan ari gara eta horretan jarraituko dugu, benetan sinesten dugulako udalerri euskaldunak erabakigarriak direla hizkuntzaren normalizazioan, eta Azpeitia bezalako udalerrietan erakutsi dezakegula posible dela euskaraz bizitzea”.

Egitasmoaren nondik norakoak, berriz, HUHEZIko Amelia Barquin eta Karmele Perez irakasleek azaldu dituzte. “Euskaraz bizitzea; euskara ez dakiten gurasoen ulermena eta parte-hartzea bermatzea, haien seme-alaben integrazioa helburu hartuta; euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoen artean harremanak sendotzea; eta atzerritar jatorriko familien hizkuntzak ere kontuan izatea”.

Hori guztia “adostasunean oinarrituta” lantzeko asmoa agertu dute. Horretarako, “ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan, tresna eta egiteko modu berriak abian jarriko ditugu ikasturte berri honetan: egoera guztietan euskaraz egiteko aukera, aldibereko itzulpenak, talde dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak, besteak beste”.

Zabaldu: