‘Euskara Jendea’ dokumental sorta sarean ikusgai

Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza, Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek 2013an ekoitzitako dokumental sorta da. 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lan honen bidez, publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia.

Euskara jendea dokumental sorta dagoeneko ikusgai jarri dute youtube kanalean edonoren eskura. Oraintsura arte DVD formatuan soilik zegoen lana eta seriea osatzen duten sei kapituluak Zenbat Gara elkartearen kanalean ikusi ahal izango dira oraindik aurrera, baita euskarajendea.eus webgunean ere.

Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza, Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek 2013an ekoitzitako dokumental sorta da. 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lan honen bidez, publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia.

Dokumentalak Juan Carlos Etxegoien Xamar irakasle, ikerlari eta dibulgatzaileak 2006an Pamiela argitaletxearekin argitaratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu, eta ikus-entzunezko esparruan zegoen hutsunea betetzeko jaio zen, formatu honek duen zabalpenerako dohaina baliatuz. Dokumental sortaz gain, aipatzekoa da Etxegoienek berak, Xabier Monasteriorekin batera, Bilbo Hiria irratian egindako izen bereko irrati saioa, irratiaren webgunean entzungai dagoena.

Sei DVD disko sorta moduan merkaturatu zen Euskara Jendea, gure hizkuntzaren historia gure historiaren hizkuntzan gure hiztunek eta munduko hainbat adituek kontatua. Orain sarean ikusgai daude sei kapituluak: Historiaren atarian; Erromako inperioan; Aniztasunaren bidean; Mugetan gaindi; Gerren arteko pizkundean; eta Mundua osatzen.

Dokumentalaren osagarri, material didaktikoa ere eskuratu ahal izango da webgunean, ikasle eta irakasleek ikastegietan kapitulu bakoitza lantzeko aproposak diren PDFekin.

Elkarlanean aritutako lantaldea dugu ikus-entzunezko ekoizpen honen muinean: Hibai Castro (ekoizpen, errealizazio eta filmaketa lanak), Mikel Arredondo (ekoizpen eta didaktika lanak), Adur Larrea (postprodukzio eta grafismo lanak), Lutxo Egia (gidoia eta harremanak), Gorka Fernandez (soinu-ingeniaria), Maria Uriarte (lokuzioak) eta Xamar (edukiak eta gidoia zehazten). Beste asko dira, bestalde, dokumentalotan ageri diren hizkuntzalari, arkeologo, historialari eta bestelako zientzialariak, idazleak, musikariak, herritarrak, figuranteak, elkarteak, erakundeak… baita pantailan ageri ez diren eta laguntza handia ematen jardundako era guztietako bidaideak ere. Auzolan handia izan zen, beraz, Euskal Herriko hainbat bazterretan eta atzerrian burututakoa, tartean pasadizo harrigarrik ere izan zen dokumentalen grabaketa prozesuan, Mocconio Vero erromatarraren hilarriaren aurkikuntza kasu.

Zabaldu: