Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur eta iaz 30.000.000 bisita izan zituen. Artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 29 postuan dago, turkiera eta armenieraren aurretik.
Bi urte igaro dira Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak euskarak Wikipedian duen presentzia hobetzeko hitzarmena sinatu zutenetik. Ordutik hona, 2.500 ikasle inguruk ia 800 artikulu berri sortu dituzte Euskarazko Wikipediarako eta beste 1.200 inguru hobetu dituzte. Elkarlan horri esker eta, oro har, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen sustapen lanari esker, bisitari kopurua ere nabarmen igo da. Era berean, 2017tik hezkuntza curriculumari lotutako ehunka artikulu sortu eta txukundu dira eta, laster, zerrenda horretako 1.000 artikulu kalitate maila handikoak izango dira. Ekimen honen jatorrian ‘Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda’ eta antzeko nazioarteko proiektuak daude. Helburu hori gauzatzeko, alegia, ikasleentzat ezinbestekoak izan zitezkeen 1.000 artikuluak osatzeko, lehen pausoa ikasleen hezkuntza-curriculuma aztertzea izan zen. “Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela. Arloz arlo artikulurik garrantzitsuenak zehazteari ekin genion. 1.700 artikulu atera zitzaizkigun lehen zerrenda batean eta orain darabilgun zerrendan 1.900 ditugu”, adierazi du Edurne Agirrek, Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik.
1.900 artikulu hartzen dituen zerrenda horri erreparatuz baina, oraindik 216 artikulu daude sortu barik, horietako asko literaturaren ingurukoak.
Lehiaketak eta unibertsitatea
Artikuluak hobetzeko prozedura nagusiei dagokienez, hiru izan dira bide nagusiak. Garrantzitsuena unibertsitateekin izandako lankidetza izan da, baina antolatu diren lehiaketa arrakastatsuak eta Donostiako liburuzainen lankidetza ere aipatu aipatu dituzte. Hiru bide horien bitartez hezkuntzako zerrendari lotutako artikuluak zein bestelakoak ugaritu eta hobetu dira.
Euskal Herriko Unibertsitatea izan da proiektu honen bidelagun nagusia, baina Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere parte hartu dute proiektuan.
Guztira, bi ikasturte horietan EHUko 2.000 ikasle inguruk parte hartu dute Euskarazko Wikipedia osatzeko proiektuan. Horiez gain, gainontzeko unibertsitateetako beste 200 ikasle inguruk eta batxilergoko beste 300 ikaslek ere parte hartu dute proiektuan. Beraz, 2.500 ikasle aritu dira wikilari lanetan.
“Orokorrean emaitza hobeak izan ditugu zientziatan eta ingeniaritzatan letretan baino. Badirudi interes handiagoa dagoela zientzialarien artean dibulgaziorako, eta hau interesgarria da kontzeptu zailagoak izaten direlako; hala ere, historia eta geografia eremua ez da ia landu denbora honetan”, azaldu dute Euskal Wikilarien Kultura Elkartetik.
Txikipedia
2018ko udaberrian berriz, euskal wikilariek beren proiekturik berritzaileena sortu zuten: Txikipedia. Abiapuntua lehendik zegoen Vikidia zen, frantsesez sortutako haurrentzako entziklopedia. Urte batzuetako lanaren ostean, euskarazko Vikidiak 700 artikulu zituen, baina gehienak laburrak ziren eta atariak arazo teknikoak zituen: “Ikusgarritasunik gabe, laguntza teknikorik gabe eta Wikipediak dituen erraztasunik gabe, zaila egiten zitzaigun jendea horra bideratzea. Horregatik 2018ko apirilean Vikidian zegoen guztia Txikipedia izeneko proiektura pasatzea erabaki genuen, Wikimedia Norvegiaren laguntza teknikoarekin”.
Atari berri honen arrakasta nabarmena izan dela dio Elkarteak: urte baten buruan 1.900 artikulu gehitu ditu Txikipediak, eta lehendik zituenak ere sakonagoak dira.
Euskarazko Wikipedia 29 postuan
Wikipedia 302 hizkuntzatan argitaratzen da, horietako bat euskara da. Euskarazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur eta iaz 30.000.000 bisita izan zituen. Artikulu kopuruaren arabera, Euskarazko Wikipedia 29 postuan dago, turkiera eta armenieraren aurretik. Halaber, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 50 Wikipedien artean ere badago. Euskarazko Wikipedia erreferentzia bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez-hegemonikorentzat.