(argazkia: Euskarabentura)

Euskarabentura espedizioan parte hartzeko epea zabalik da

2005 eta 2006 urteetan jaiotako Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldunek martxoaren 4ra arte izango dute aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko aukera.

Euskarabentura espedizioaren hurrengo edizioan izena emateko epea zabalik da jada. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte bitarteko gazte euskaldunek izango dute espedizioan parte hartzeko aukera, eta horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte 2022ko martxoaren 4a baino lehen.

Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntza eta Puntueus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilaren 24an 130 gazteren behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Kideak hautatzerako orduan, kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta motibazioa ere.

Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai izango dituzte aukeran: Gure aisiaren espazioa, gaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko”; Moda azkarra, arropa eta jantzien kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko”; eta Zer ginen, zer gara, zer izango gara, soilik historiatik ikasiz eraikiko dugulako etorkizuna”, azaldu dute antolatzaileek. Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena martxan jarri nahi ditu elkarteak.

Abenturaz jositako hilabetea

Uztailean zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain, euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik.

Antolakuntzaren arabera, “espedizioaren helburu nagusia euskara gazteen bizitzaren erdigunera eramatea da, eta, horrekin batera, gazte euskaldunen sare indartsu bat ehuntzea, gaur egun euskarak indartzeko behar dituen arloak lantzea, alegia”.

Zabaldu: