Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzeko erronkarekin dator laugarren edizioa. 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da.
Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan aurkeztu dute gaur 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldia. Laugarren edizioak izango dituen ezaugarri nagusiak ezagutu ahal izan dituzte ekitaldira gerturatu diren erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek. “Euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da Euskaraldia”, hala definitu du Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok ariketa bera. Izan ere, eta emandako datuen arabera. 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Gainera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa duen eraginkortasuna aski frogatuta geratu da edizioz edizio egin izan diren ikerketetan. Hala ere antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute Euskaraldiak ere badituela bere mugak. “Euskaraldia ez da kanpaina huts bat: ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa”.
Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatzea proposatu dute antolatzaileek: reset egitea, berrabiaraztea. Izan ere, azken edizioaren ondoren, gizarteko hamarnaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuaren ondorioetako bat da Euskaraldiak berrikuntza behar duela, herritarrengan, berriz ere, ilusioa masiboki piztuko badu. Bada, antolatzaileek ausardiaz eta gogoz heldu diote erronkari.
“Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” bat nahi dute antolatzaileek. Ez dute nahi Euskaraldia egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala izaterik. “Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika” zabaldu egin nahi dute, denboran eta gizartean.
Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dute. Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi, alegia. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu nahi dute.
Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko honek mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu; herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu.
Elkar mugituz egingo dugu leloa
Laugarren edizioaren leloak berak –elkar mugituz egingo dugu– aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia. “Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz”, azpimarratu du Urkijok. Euskaraldiko koordinatzailearen hitzetan, lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. “Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da”, azaldu du.
Baina jarrerak bakarrik ez, emozioak ere mugitzen ditu ekimenak, sakontasun emozional kolektiboa du. “Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik”, nabarmendu du Urkijok.
Ariketaren esentziari eutsiz
Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo dela nabarmendu dute: “partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta hamaika egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa”. Antolatzaileek txaparen erabileran azpimarra jarri dute, txapak ahalbidetzen baitu ariketa bera. Norberaren hizkuntza-portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere, ingurukoei mezu argia bidaltzen die: “nirekin egizu euskaraz, lasai”.
Horrela, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan: hala nola, lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea.
Herriekin batera, gaurtik aurrera, entitateek ere Euskaraldian izena emateko aukera izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi bezala izena emateko aukera.
Koordinatzaileak ariketaren xehetasunak azaltzearekin batera, “Euskaraldia behar-beharrezkoa” dela esan du, eta hainbat argudio zerrendatu ditu; hala nola, euskararen erabilera erdigunean jartzeko gaitasuna; kontzientzia linguistikoa pizteko baliagarria izatea; hizkuntza ohiturak auzitan jartzeko ahalmena; euskararen aldeko kanpaina izaera gainditzea; eta euskaldun aktiboak ahalduntzen eta euskaldun pasiboak prestigiatzen eta motibatzen laguntzea. “Ariketak, gainera, euskara agenda eta iritzi publikoaren lehen lerroan jartzea lortzen du, eta gainera, nazio mailakoa eta masiboa izanik, euskaldunok batzen gaituen ekimena ere bada”, nabarmendu nahi izan du.
Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua
Euskaraldia birdefinitzeko une egokian gaudela uste dute antolatzaileek. Gauzak horrela, hemendik aurrera, Euskaraldiaren definizioa honakoa izango da: Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua. “Beste era batera esanda, hamaika egunetako ariketa soziala batera eta masiboki egingo genuke ordura arte egindako pausoen erakusgarri eta hurrengoetarako bultzatzaile, baina askoz zabalagoa litzateke mugimendua. Hots, ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik. Nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun arren, zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da.
“Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da”.