(argazkia: Euskaraldia)

Euskaraldiaren 4. edizioak lehen pausua eman du

Berrehun lagunetik gora bildu zituen atzo Euskaraldia ON! topaketak, Eibarren. Bertan, Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkeztu zuten. Bestalde, herriek Euskaraldian izena emateko aukera dute jada, ariketa tokian toki antolatzen hasteko.

Euskal Herri osotik etorritako berrehun lagunetik gora bildu ziren atzo Eibarreko Coliseo antzokian, Euskaraldia ON! topaketan parte hartzeko. 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiak laugarren edizioa izango du, eta Eibarkoa izan da ariketaren lehen mugarria. Antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun zituzten atzo.

Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak izan zuen topaketa irekitzearen ardura. “Konbentzituta nago, handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena”, adierazi zien bertan bildutakoei. Horrekin batera, Euskaraldia ariketa bera jendea aktibatzeko eta saretzeko “tresna ezin hobea” izan daitekeela gaineratu zuen: “ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan, euskararen alde”.

Garazi Azkue komunikazio arduradunak eta Goiatz Urkijo koordinatzaileak “gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak” izango ditugula nabarmendu zuten.

Ondoren, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakariaren eta Manex Agirre Gorbeialdeko euskara teknikariaren txanda izan zen. Azken bi hizlariek euskararen bueltan herritarrak aktibatzeko gakoak eman zituzten. Herrietan Euskaraldiaren antolaketara kideak batzeko modu berriak proposatu zituzten, eta helburu horrekin aurkeztu zuten Euskara aktibatzaileen gida-liburua, Euskaraldiak ondutako gida praktikoa. Gidak emango ditu, beraz, Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako.

Ekitaldiaren amaieran ezusteko polita izan zuten bertaratu zirenek, Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu izan zuten oholtza gainean, eta bi kantu abestu aurretik, animoak eman eta euskararen biziberritzean “ezinbestekoak” zirela gogorarazi zien han bildu zirenei.

Herrien izen-ematea

Ehunka herritan sortutako batzordeek ahalbideratu dute hasieratik Euskaraldia. Aurreko ediziotan 400dik gora herritan antolatu zen ariketa; herritarrek, euskara elkarteetako kideek, udaletako ordezkariek edota entitateetako arduradunek osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia herriz herri.

Laugarren edizio honetarako ere egin dute antolatzen hasteko deia “batu eta osatu batzordea, eman izena Euskaraldian!”. Gaurtik aurrera izango dute herriek, beraz, izena emateko aukera, www.euskaraldia.eus gunean bertan.

Norbanakoen txanda, berriz, 2025eko martxoan izango da; orduan izango dute belarriprest eta ahobizi guztiek Euskaraldian izena emateko aukera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna