Gaur, Itxaro Bordak idatzitako Itzalen Tektonika poesia liburuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute Bordak berak eta Joseba Irazoki musikariak, arratsaldeko 19:30ean.
Joan den ostegunean abiatu zen Euskaraldia eta hilaren 25era arte hainbat kultur ekimen antolatu dituzte Euskal Herri osoan. Gasteizen, esaterako, Izaskun Arrue kulturgunean izango dira horietako batzuk. “Euskaraldia ekimenaren esparruan, IAKk bere energia gehitu nahi dio mugimendu sozial horri, proposamen artistiko eta kultural anitza, indartsua eta eskuragarria eskainiz. Datozen egunetan, euskara bizitzeko modu anitzak islatzen dituzten bost jarduera izango dira gune honetan, umorea, poesia, musika eta literatura hartzen dituztenak”, azaldu dute bertako ordezkariek.
Jarraian, Izaskun Arrue Kulturgunean Euskaraldiaren programazio bereziaren barruan egingo diren jarduerak aurkezten dizkizugu. Horiek guztiak euskaratik eta euskararentzat sortu dira, euskal kultura jatorrizko bertsioan bizitzeko helburuarekin.
Euskaraldiaren programazio bereziaren barruan egingo diren jardueretako batzuk:
Maiatzaren 19an, Itxaro Borda idazlearen eta Joseba Irazoki musikariaren Itzalen Tektonika ikuskizuna.
Maiatzaren 22an, Iban Zaldua eta Ibil Bediren Bihar, atzo, gaur, bihar kontzertua.
Maiatzaren 23an, Ibon RGren eta Garazi Navasen Iaquin Vahu kontzertua, Ingudea, soinuak errementari kaletik zikloaren barruan.
Maiatzaren 24an, Poltsikorako poemak-eko familia-jarduera.