(argazkia: Euskaraldia)

Euskaraldiaren izen-ematea azken txanpan da jada

Euskaraldia hasteko hamar egun falta direnean, herritarrek ariketa sozialean parte hartu eta izena emateko deia egin dute hainbat eragilek Donostian.

Euskaraldia hasteko hamar egun falta direnean, ariketan parte hartzeko deia egin dute gaur antolatzaileek eta gizarteko arlo ezberdinetako lagunek Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. Izen-ematea erritmo onean doala aipatu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere masiboa izango dela ziurtatu dute.

Gaurko agerraldian kultura, kirola eta komunikazio arloko hainbat lagun izan dira Euskaraldian parte hartuko dutela nabarmenduz. Euskaraz aritzeko gaitasuna duten euskal herritarrak azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen gonbita egin dute. Maialen Chourraut, Joseba Usabiaga eta Xabier Saldiasekin batera, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaran, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregi eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek  parte hartu dute prentsaurrekoan.

Euskaraldiaren sustatzaileek ariketa jendetsua izateari garrantzi handia eman diote, “parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea lagungarria da eta”, adierazi dute. Izena emateko izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo behar dutela gogorarazi dute eledunek. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek berriro izena ematea oso erraz eguneratu dezakete eta partaide berriek datu gutxi batzuk beteta izena eman ahal izango dute. Izen-ematea berrestea hirugarren edizio honetan ere egingo den ikerketarako lagungarri izango da.

Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan txapak banatzen hasi dira jada Euskaraldia batzordeetako kideak. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emango duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu da gaurko prentsaurrekoa. Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan eta, horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbita egin dute ekimenaren bultzatzaileek.

Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz hurrengo egunetan kaleak janzteko gonbita ere egin da eta horretarako hainbat baliabide eskaini: leiho eta balkoietan  banderatxoak edo Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak jartzeko. Gainera, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari direla nabarmendu dute.

Partaideen erronkak, hizkuntza ohiturak aldatzeko abiapuntu

Azken dei bat ere egin dute gaurko prentsaurrekoan: partaide guztiei hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzeko gonbita egin diete, euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko erronka zehatzak jartzea lagungarria dela azpimarratuz.

Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek. Horiek izango dira norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak.

Ildo honetan, gaurko agerraldian parte hartu duten lagunek hirugarren edizio honetarako beren buruari jarri dioten erronka aipatu dute prentsaurrekoan.

Honenbestez, Euskal Herriko lurralde guztietako herrietan Euskaraldia batzordeetan parte hartzen duten milaka boluntario egiten ari diren lana eskertuz eta aitortuz amaiera eman diote agerraldiari.

Zabaldu: