Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da

Antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio ikusi delako ariketa eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela.

Euskaraldiaren laugarren ediziorako prestaketa lanak abian dira eta bere inguruko xehetasunak emateko bildu dira, gaur, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tarte bat hartu zuten antolatzaileek. “Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa. Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereziki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausoetan ere”, azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. Esandakoaren adierazgarri eta adierazle bezala, edizioz edizio egindako ikerketen emaitzak zein parte-hartzaileek eta entitateek egindako ekarpenak aipatu ditu Urkijok. “Euskaraldia eraginkorra dela, eta aldaketak ekartzen dituela, erakusten dute iturri ezberdin horietatik jasotako mezu zein ondorioek”, nabarmendu du.

Udazkenetik udaberrira

Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute ariketa udaberrira, izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. “Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”, azaldu du Urkijok.

Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute antolatzaileek, laugarren edizioan. “Txapa ezinbesteko elementua da ariketan. Txapak ahalbideratzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek, estres linguistikoa nabarmen murrizten du; hori ezinbestekoa da ariketa modu erosoagoan egiteko eta txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da, ziurrenik, udaberrian”, azaldu du Urkijok.

Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. Bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita.

Laugarren edizioa, hortaz, maiatzaren 15etik 25era izango da, 11 egunetan, “uste dugu, 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela, sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”, dio Urkijok.

Euskaraldiaren hurrengo edizioa ontzeko bidean, ikerketako datuak eta jarraibideak kontutan hartu badira ere, gizarteko hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak ere jaso ditu Euskaraldiko lantaldeak.

Zabaldu: