Hainbat jarduera antolatu dituzte Donostiako Museoan otsailean zehar. Gaur, 19:00etan Andoni Egañak Neretik saioa eskainiko du Jon Ostolaza soinujolearen laguntzarekin.
Euskara ibiltaria erakusketaren harira antolatutako jarduerek euskararekin eta euskaraz jolasteko aukera ugari eskainiko dituzte, haur zein helduentzat, gaurtik aurrera.
Erakusketak, Euskaltzaindiak antolatua, euskararen herri-hizkeren aldaeren aberastasuna erakustea du helburu, eta horretarako Euskaltzaindiaren Herri Hizkeren Atlasean oinarritzen da. Otsailaren 23ra arte egongo da zabalik Donostiako San Telmo Museoko Laborategian, doako sarrerarekin.
Erakusketaren proposamen hori sakonago ezagutu nahi dutenentzat bi aukera berezi eskainiko ditu Donostiako museoak: Zeharkako begiradak bisita gidatuak. Lehena gaur izango da, Amaia Jauregizar Euskaltzaindiako teknikariaren eskutik. Bisita gidatua eskainiko du bere esperientzia eta jakintzatik abiatuta. Beste horrenbeste egingo du Xarles Videgain Euskaltzainak otsailaren 13ko bisitan.
Biak 18:00etan izango dira eta doan, aurrez izena emanda: stm_erreserbak@donostia.eus / 943 48 15 61 (astelehenetik ostiralera, 12:00-14:00).
Horretaz gain, gaur, 19:00etan Andoni Egañak Neretik saioa eskainiko du Jon Ostolaza soinujolearen laguntzarekin. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Egañak berak idatzitako Bertso paperak abestuko ditu, nolabait, bertso molde horrek iraganean zuen garrantzia eta funtzioa aldarrikatzeko. Kasu honetan bertso-sorta guztiak bere bizitzari oso loturiko egiazko gaiak izango dira: bere umearoa, erretzailetasuna, maiteminak, euskal gatazkari buruzko ikuspegia…
Familia tailerrak San Telmon
Otsaileko lehen bi larunbatak familiei zuzenduta, euskararekin jolasteko egunak izango dira Pello Añorga eta Juan Kruz Igerabideren eskutik. Beraiek gidatuko dituzte haur eta helduak euskararen alde jostagarrienean barrena. Hala, lehenengo saioan, otsailak 1, Hitzaren jiran-biran, jarduera egingo da Pello Añorgaren eskutik. Honetan hitza izango da ardatza, oinarria, arnasa eta giltzarria; aho korapiloak, asmakizunak, konjuratzeko formulak eta beste, umorez zipriztinduta. 6-8 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat.
Otsailaren 8an berriz, Igerabide izango dugu Abezedario titirijario tailerrean. Honetan alfabetoko letren formekin eta soinuarekin sormena landuko da. 6-10 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat.
Bi kasuetan tailerrak 17:00etan izango dira eta doan, aurrez izena emanda: stm_erreserbak@donostia.eus / 943 48 15 61 (astelehenetik ostiralera, 12:00-14:00).
Palindromoen jolasa eta helduentzako tailerra
Azkenik, euskararekin eta palindromoekin (ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakur daitezkeen testuak; adibidez, “asto hotsa”) jolasteko aukera izango da Bigararen abere ba. palindromo ilustratuen piztegia liburua abiapuntu hartuta.
Otsailaren 2tik 29ra abere ba. Hamaika abere kapikua jolasa izango da. Honetan abiapuntua abere ba liburua izango da, eta jolaslekua museoaren erakusketa iraunkorra.
Hizki formako hamaika abere izkutatuta egongo dira museoan zehar. Hamaika hizkiak aurkitzea eta horiek osatzen duten palindromoa asmatzea izango da jokoaren helburua. Palindromoa zuzen osatzen dutenen artean, hamaika liburu zozkatuko dira.
Museoko harreran banatuko dira jokoan parte hartzeko gidak eta parte-hartzaileek bertan utzi beharko dituzte euren erantzunak zozketan parte hartzeko.
Jokoa publiko orokorrari eta familiei zuzenduta dago, eta museoko sarrera eskuratuta har daiteke parte.
Otsailaren 12an berriz, 18:30ean abere ba? Aber ba, helduentzako hitzaldi tailerra
Bigarak dinamizatutako tailer honetan palindromoek eta hitzek jolaserako ematen dituzten bideak ezagutzeko aukera izango da.
Jarduera hau doakoa da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa izango da: stm_erreserbak@donostia.eus / 943 48 15 61 (astelehenetik ostiralera, 12:00-14:00).