(argazkia: UEMA)

Euskararen Egunaren kariaz, UEMAk hainbat deialdirekin bat egin du

Euskara larrialdi egoeran dagoela jakinda eta egoera irauli ezean hurrengo hamar urteotarako aurreikuspenak alarma gorriak piztu dituela ikusita, UEMAk hizkuntza politiketan jauzia egiteko eta euskararentzat benetako lege-babesa bermatzeko eskaera egin izan du urtean zehar, hainbat aldiz. Uztailean, esaterako, ia ehun herritan milaka lagun atera ziren kalera UEMAk deituta, euskararentzat justizia, lege-babesa eta arnasa eskatzeko, euskararen aurkako azken epaiei erantzunez.

UEMAk adierazpen instituzionala plazaratu zuen orduan, udalerri euskaldunei eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokiela nabarmenduz: “Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu”. Horregatik, euskarak bultzada eta pizkunde berri bat behar duela uste du UEMAk, eta azken asteotan egin diren zenbait deialdirekin bat egitea erabaki du.

Euskalgintzaren Kontseiluak, esaterako, euskararen aldeko pizkunde berri baten abiapuntua aldarrikatu zuen azaroaren 6an Arantzazun, eta UEMAren izenean bertan izan zen Martin Aramendi lehendakaria. Euskaltzaleon garaia da! adierazpena aurkeztu zuten orduan, eta abenduaren 27an Bilbon egingo den ekitaldirako deia egin zuten.

Bestalde, Euskal Herrian Euskaraz-ek abenduaren 6an Durangon deitutako manifestazioarekin ere bat egin du UEMAk. Pasa den astean, zehazki, Euskal Herriko 30 eragilek baino gehiagok agerraldia egin zuten ekimenari atxikimendua adierazteko. UEMA ere bertan izan zen, Martin Aramendi lehendakariak ordezkatuta.

Euskara erdigunean jartzearen eta euskararen alde mobilizatzearen beharra nabarmendu zuten, besteak beste: “Parez pare dugun erronka handia da eta horri aurre egiteko, euskaltzale guztion ekarpena eta inplikazioa ezinbestekoak izango dira: bai maila pertsonalean, bai maila kolektiboan. Norbanako eta eragile sozialetatik haratago baina, berebiziko erantzukizuna dute erabakiguneetan dauden arduradun politiko eta instituzionalek. Konfiantza osoa dugu euskararen aldeko olatu berria indartzeko kolektiboki dugun indarrean. Horregatik, batu euskararen aldeko borrokara, batu Euskal Herri euskalduna eraikitzeko olatura”.

Amaitzeko, HAKOBAk Euskararen Nazioarteko Egunerako adostutako adierazpen instituzionalarekin ere bat egin du UEMAk. Herri Aginteen Koordinazio Batzordea da HAKOBA, eta erakunde hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Bilboko Udala, Donostiako Udala, EUDEL eta UEMA.

Adierazpenaren hirugarren orrialdeak, zehazki, UEMArekin adostutako konpromisoak biltzen ditu, eta adierazpena udal osoko bilkuretan onartuz gero UEMAko kide diren udalek bat egingo dute konpromiso horiekin: udal politiketan euskara erdigunean jartzea, hizkuntza politikan atzera urratsik ez egitea, euskarak behar duen jauzian udalari dagokiona egitea eta horretarako bitartekoak jartzea.

Adierazpena osorik: Euskara ZUGAN, NIGAN, GUGAN.

Zabaldu:

Utzi erantzuna