Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa hizpide hartuta, jardunaldiak antolatu dituzte

Euskararen herria euskal hiztun izenpean, azaroaren 12an eta 13an izango diren jardunaldiak aurkeztu dituzte Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa izango dute hizpide Bilboko Bizkaia Aretoan egingo diren jardunaldiek.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek hartu dute hitza Euskadiko Artxibo Historikoan egin den agerraldian. Transmisio zein sozializazioaren, hezkuntzaren eta helduen euskalduntzearen eremuak lan-ildo nagusitzat hartuta, euskararen normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Dobaranek adierazi duenez “euskal gizartea bere hizkuntzaren biziberritze prozesu etengabea bizitzen ari da. Eraldaketa prozesu handi batean murgilduta gaude. Azken hiru hamarkadari begirako datuek eta gizarte mugimenduei begira jartzeak erakusten digu euskararen egoera onbidean jartzeko ahalegin instituzional eta sozial ugari egin direla, eta horiei guztiei esker ari garela emaitza baikor nahiz esanguratsuak lortzen”. Bide horretatik, jardunaldiak lanketa hori egiteko espazio gisa identifikatu ditu Bilbaok: “hiztunen ardatza oinarri hartuta, jardunaldi hauek ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruan eta etorkizuneko gakoak identifikatzeari buruz patxadaz eta sakon hitz egiteko antolatu nahi ditugu”. Bide horretan, ezin ahaztu bizi dugun testuinguru bereziak sortu dituen albo-kalteak. Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, bizi dugun egoerak “eragina izan du eta epe labur-ertainean ere izango du ezagutzaren unibertsalizazioan”.

Hain zuzen, Bilboko Bizkaia Aretoan egitekoa den jardunaldiak ere egoera berrira moldatu beharra izan du. Segurtasun- eta osasun-protokolo bat garatu dute bi aldeek bertaratuko diren herritarrei bermea eskaintzeko asmoz, baina agerraldian azaldu duten bezala, online bidez ere eskainiko dute, “bertaratu nahi edo ezin duen orok ere jarraitu ahal izateko”. Doakoak izango dira jardunaldiak, eta izen-ematea irekita dago jada. Modu batera edo bestera, ezinbestekoa izango da izena ematea.

Egitaraua

Ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruan egon daitezkeen hiru ikuspegi garrantzitsuenak bildu nahi izan dituzte antolatzaileek: adituena, erakundeena eta eragileena. Hamaika hitzartzez osatu dute egitaraua, eta molde eta forma ezberdinak landuko dituzte gaia ertz ezberdinetatik begiratzeko asmoz. Bilbaoren hitzetan, “transmisioa, hezkuntza eta helduen euskalduntzea oinarri hartuta, instituzioetan zein eragileetan lanean diharduten agente ezberdinen gogoetak entzuteko eta partekatzeko aukera izango dugu, mahai-inguru, elkarrizketa eta hitzaldi formatuetan”.

Aipagarriak dira, besteak beste, jardunaldietan izango diren bi aurkezpen nagusiak eta amaierako hausnarketa. Lehen hitzaldi nagusian soziolinguistikaren diziplinatik ezagutzaren unibertsalizazioak zein kokapen hartzen duen azalduko du soziolinguistikan aditua den Xavier Vilak; bigarrenean, berriz, gizarteak ezagutzaren unibertsalizazioari buruz duen erantzukizuna izango du hizpide Amaia Etxabek. Amaierako hausnarketa Jone Goirigolzarriren eskuetan egongo da, eta hiztun aktibo izatera iristeko gakoez jardungo du.

Egitarau osoa, hitzartze bakoitzaren nolakotasuna eta hizlarien biografiak jasotzen dituen gidaliburua ikusgai dago, hemen eta jardunaldietarako sortutako atal berezian.

Zabaldu: