San Inazio auzoko Euskararen Interpretazio Zentroak eskaintzen duen Eskola Programan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageekin osatu da erakusketa.
Eskola Programan Euskararen Interpretazio Zentroko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira; Euskararen Lorategia, hain zuzen, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen, eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez.
Erakusketa Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da: “Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu (euskaldunok) gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du”.
Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen ahozkotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez. “Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua izan da, harrigarria, hala eduki aldetik nola estetika aldetik. Izan ere, gazteek haien sormena erakutsi ez ezik, euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatu dituzte”, azaldu dute antolatzaileek. “Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen”.
Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmendu nahi izan dute. “Ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude”.