(argazkia: Mintzalasai)

Euskararen Urtaroa programa antolatu dute azaroaren 19tik abenduaren 3ra, Ipar Euskal Herrian

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 100 jarduera antolatu dira euskaraz gozatzeko eta hizkuntzaren erabilpena sustatzeko. Egitarauak ikuskizunak, tailerrak, hitzaldiak, zinema edota ibilaldiak biltzen ditu.

Bi urtez behin, udazkenean, Euskal Elkargoak, Herriko Etxeekin, elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin batera, Euskararen Urtaroa ekimen partehartzailea antolatzen du. Herritarrak eta eragileak euskararen inguruan biltzeko xedea du egitasmoak, euskaraz gozatzeko eta hizkuntzaren erabilpena sustatzeko.

Aurten, ehun jarduera baino gehiagoz osatutako egitaraua prestatu dute azaroaren 19tik abenduaren 3ra bitartean, denak euskaraz. “Mila aurpegi ditu euskarak lurralde honetan: 51.000 herritar euskaldunena, hizkuntza deskubritu nahi duen euskaldun berriarena, zabal eta tinko ari den elkarte sarearena, naturalki edo lan handiz, euskararen lekua garatzen ari duten erakundeena. Egunerokoan denen artean iruten dugu euskararen mundua, bizia eta anitza”, adierazi du antolakuntzak.

Euskal Elkargoak aberastasun hori agerian utzi nahi du edizio berri hau antolatuz, eta bi astez, Ipar Euskal Herri osoan eta egoera guztietan euskaraz bizitzea posible dela frogatu nahi dute. “Hendaiatik Ligi-Atereira, Bardoze, Ezpeleta edo Donapaleutik pasatuz. Plazera hartzeko eta aisialdiarekin errimatzen duten gertakariak ororen buru; agendan ongi notatu beharreko hitzorduak euskara dastatzeko, entzuteko, irakurtzeko edo mintzatzeko”.

Egutaraua, hemen.

Zabaldu: