Pantailak Euskarazek euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko antolaturiko aktibazio sozialerako ariketaren II. edizioa maiatzaren 6tik 14ra izango da aurtengoan. “Euskaraldiaren testuinguruan eta honen sinergiak aprobetxatuz antolatu dugun ekimen honek helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea”, azaldu dute antolatzaileek.
Pantailak Euskarazek mota guztietako pantailetan (Telebista, streaming plataforma, zinema, sare-sozial, bideo-joko) euskarazko edukiak erabili, kontsumitu, edo sortzeko erronka luzatu die herritarrei Pantailaldiarekin: “alegia, hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka”.
Edozein herritarrek izango du #pantailaldian parte hartzeko aukera. Herritarrei goian aipaturiko betetzea eskatuko zaie, eta haien bizipenen berri sare sozialetan zabaltzea #pantailaldia traola erabiliz. 2022ko lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik % 77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela, eta % 64ak edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela. Aurtengoan parte-hartzaile kopuru hori gainditzea izango da erronka.
Parte hartu nahi dutenek pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia webgunean izena eman beharko dute, maiatzaren 6ra arte. Formularioan datuak bete eta bidaltzea besterik ez da beharko. Parte-hartzaile orori, #pantailaldia hasi aurretik, profil-irudia (sare sozialetan jartzeko), euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda, eta agenda proposamen bat bidaliko zaie, erronka hori errazago betetze aldera.
Agenda proposamena
Agenda proposamen horretan hainbat deialdi egingo ditu Pantailak Euskarazek. Pantailaldia hasteko, maiatzaren 6 asteartean 20:00etan Bilboko Kafe Antzokian, Kneecap film irlandar arrakastatsuaren emanaldia euskaraz azpititulatuta eskainiko da, azpitituluak.eus ekimenaren laguntzari esker; beste egunetan euskarazko edukiak sareetan kontsumitzeko hainbat gomendio egongo dira, esate baterako, maiatzaren 14ean Urak eginen du bide dokumentala, euskarak pantailetan dituen erronkei buruzkoa, emitituko dute 20:00etan iparraldeko Kanalduden eta 22:00etan Hamaika Telebistan; eta agendako ekintzen baitan protestarako tartea ere egongo da: maiatzaren 10ean, herriko zinemara joan eta euskarazko eskaintzarik ez badago euskararentelefonoa.eus webgunearen bitartez dagokion salaketa jartzea izango da erronka.
Pantailaldian zehar, euskal kulturgintzako hainbat erreferentek ere euskara eta pantailekin dituzten bizipenak partekatuko dituzte sare sozialen bidez, euskarak aurrera egin dezan ikus-entzunezkoek eta pantailek duten garrantzia jendartean zabaltzeko helburuz. Izan ere, “gaur egungo mundu digitalean, pantailak dira hizkuntza eta kulturaren transmisiorako bitarteko nagusia”.