Familian jostatuz, euskarazko hiztegia lantzen jarraitzea dute helburu argitalpen hauek.
Liburuxka hauek sail elebidunetan edo murgiltze ereduan ikasten duten haurrei zuzenduta daude. Sortzaileek azaldu dutenez, “kaier ludikoen bidez, familian euskaraz jolasteko aukera eskaintzen da: margoketa, hitz gurutzatuak, iruditegiak, urkatuaren jokoa, ezberdintasunen jolasa…”. Hala, tresnak familien esku jartzea da egitasmoaren helburua, haurrek euskara ikas dezaten eta euskaraz ongi pasa dezaten.
Zazpi kaier dira guztira eta bakoitzak gai bat lantzen du, Miarritzeko, Baionako eta Hendaiako Herriko Etxeek, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak editatu zuten hiztegi kutxako 30 hiztegietako bati egiten baitio erreferentzia.
Hiztegia eskuan, euskara ahoan
Sustatzaileen esanetan, “ikasten dugun bitartean jostatzeko proposamen sinplea da hau! Aski da hiztegi kutxa bat eskuratzea, kaier praktikoak inprimatzea eta arkatza eskuan hartzea. Euskara ikasten ari diren helduentzat ere aukera polita izan daiteke hiztegia lantzeko, eta haurrekin egiten baditugu, zubi bat eraikitzen segituko dugu ikastetxearen eta etxearen artean”.
Miarritzen, lau familiatik batek egiten du haurrentzat elebitasunaren hautua. “Euskara etorkizuneko hizkuntza da eta geroz eta jende gehiagorengana iristen da, Euskal Herrian sorturikoak izan edo ez. Miarritzeko Herriko Etxeak 25 urte daramatza hizkuntzaren biziberritze prozesuan laguntza eskaintzen.
Kaierak postaz eskuratzeko eta informazio gehiagorako: euskara@biarritz.fr eta 05 59 41 57 55.