'Kaskarot' antzezlana

Euskarazko arte garaikideko sei proposamen izango dira Iruñeko Garaikide zikloan

Urtarrilaren 26tik otsailaren 20ra bitartean izango da zikloa.

Iruñeko Kondestablean, Gaiarre antzokian eta Iturramako Civivoxean izango dira emanaldiak, urtarrilaren 26tik otsailaren 20ra. Civivox zentroetarako jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, sareko edozein zentrotan, pamplonaescultura.es/eu/ webgunearen bidez edota telefonoz, 010 zenbakian. Gaiarre Antzokian antzezlanaren sarrerak salgai daude jada Txarteldegian eta teatrogayarre.com webgunean.

Urtarrilaren 26an emango diote hasiera Garaikide zikloari Manipulazio estrategiak solasaldiarekin. Noam Chosmky pentsalariak komunikabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen, eta horietako bakoitzarekin poema bat egin du Harkaitz Cano idazleak. Petti musikariak, berriz, poemak kantu bihurtu ditu, bakoitzaren esanahiari ondoen dagokion doinuz jantzita. Hamar estrategia, hamar kantu, hamar gezi. Hala, Pettik, Canok eta Ana Galarragak manipulazio estrategia horiek izanen dituzte mintzagai solasaldian; pentsamendua, hitza eta musika batzen dituen egitasmoa aurkeztu eta gogoeta eragiteko asmoz.

Otsailaren 5ean, berriz, Panpin hautsien dantza izenpean, kontzertua eskainiko dute Idoia Hernandezek (pianoa), Ilargi Agirrek (bateria), Peru Galbetek (ahotsa eta gitarra) eta Jurdana Ochoak (bibolina). Panpin hautsien dantza gizarteak emakumeengan ezarritako mugak suntsitzeko ahalmena duen sormenezko ekintza bat da. Bidezkoa. Logikoa. Beharrezkoa. Feminitateari lotutako hitzak historikoki duten edukia hustu eta askatasunarekin lotura duten edozein keinu, hitz edota sentimenduekin bete. Etiketek atzean dituzten itzal guztiak berrinterpretatzeko, birsortzeko.

Otsailaren 6an Atx Teatroaren txanda izango da, antzerki taldeak Kaskarot antzezlana taularatuko du. Agure batek istorio bat kontatuko du. Aner gizarte distopiko batean bizi da, non dantzatzea debekatuta dagoen. Protagonistari izugarri gustatzen zaio dantza egitea eta horrek arazo larriak sortzen dizkio. Kaskarot Anerren “alter egoa” da. Bere argitasun eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio bere egoerari buelta ematen eta arauen aurrean bere adierazpen askatasuna lehenesten.

Otsailaren 11n, Uraren oldea zuzeneko musika eta proiekzioa izango da Peru Galbeteren eskutik. Ikuskizunak uholde batek harrapatutako familiako diapositiba zaharrak ditu oinarri. Denborak, edo urak, oroitzapenak eraldatzen ditu. Eta, hain zuzen ere, zinema hedatuaren baitan koka dezakegun pieza honek memoriaz, oroitzapenez, denboraz eta garenaz, edo izateari uzten diogunaz, hitz egin nahi du.

Otsailaren 18an, Komunetik diziplinarteko proposamena izango da. “Ezerk gutxik elkartzen gaitu gizakiok komunak egiten duen moduan. Denak pasatzen gara zulo horretatik, era askotako beharrak asetzeko edota atontzeko, eta oharkabean, gogoetarako une bihurtzen ditugu komunean pasatzen ditugun momentuak. Leku intimoa da komuna, norberarekin egoten gara edo norberarekin egiten dugu topo. Espazio hori, beraz, publikoarekin konpartitu nahi dugu”, azaldu dute. Hatz(a)marka kolektiboaren liburuko hainbat poemetatik abiatuta, intimitateaz eta eguneroko hainbat gauzez hitz egingo duen ikuskizuna izango da. Idoia Tapiak egingo du dramatizazio lana, Garaikiderako propio sortutako testuan oinarrituta. Bestalde, antzezpenari soinu banda emango dio Bapateko Orkestrak, eta gainera, proiekzioak ere izango ditu ikuskizunak aldi beran. Diziplina arteko emanaldia izango da, beraz.

Zikloari amaiera emateko, otsailaren 20an Ama Kuraia antzezlana taularatuko da.  Gerra negozioa izan da beti. Eta Ana Fierlingek badaki. Horregatik, bi semeekin eta alabarekin mugitzen da basakeriaren erditik. Bi bandoen eta, aldi berean, ez baten ez bestearen, zerbitzari diren bitartean, ardatz nagusi gizakiaren biziraupenaren krudeltasuna duen istorio epikoa gertatzen da. “Materialismoak gain hartzen dio tragediari, gerrak sentikortasuna galtzera garamatza, eta gizakiok ikasi barik jarraitzen dugu, akats berberak errepikatuz. Gaur egun, basakeria egunero irensten dugu telebistatik, eta guztiz inmunizatuta gaude”.

Zabaldu: