(argazkia: Kontseilua)

Euskarazko D ereduak norbanako zein komunitatean dakartzan onurak Nafarroan

“D eredua da herritarren arteko errespetu eta bizikidetzarako zabaldu beharreko atea Nafarroan”

Agerraldi bateratua egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, euskalgintzako eta hezkuntzako eragileetako hainbat ordezkarik eta Nafarroako ikastetxe publiko zein Ikastoletako hainbat gurasok Iruñean. Hemendik eta aste batzuetara irekiko da Nafarroan matrikulazio-kanpaina, eta elkarren arteko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea helburu, euskarazko D ereduak norbanako zein komunitatean dakartzan onurak azpimarratu nahi izan dituzte bertaratu diren eragileek. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eman die hitza eragileen ideiei: “Askotarikoak gara Nafarroan, eta elkarren arteko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea aldarrikatzen dugu. Euskara da bide hori zabaltzeko dugun atea, eta oztopoak oztopo, ate horiek zabaltzen jarraitu behar dugu Nafarroa osoan”.

Kontseiluaz eta Behatokiaz gain, AEK, IKA, Euskaltzaleen Topagunea, UEU, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartea eta ikastetxe publiko zein Ikastoletako gurasoek ere hartu dute parte agerraldian. Guraso askok datozen asteetan hartuko duten erabakiak eragin zuzena izango du haien seme-alaben etorkizuneko hizkuntza-gaitasunetan, eta aurten euskarazko D ereduan aurrematrikulatzeko deia edo gonbidapena batera egin nahi izan dute aipatutako eragileek. Bilbaoren hitzetan, “erakutsi nahi izan dugu, besteak beste, euskarak batu egiten duela, eta euskararen eta euskarazko hezkuntzaren inguruan gabiltzan eragileok besoak zabalik gaudela komunitatea are handiagoa izateko, inor kanpoan ez uzteko, inor kanpoan ez geratzeko”.

Kontseiluko eledunaren arabera, “eredurik inklusiboena da, zalantzarik gabe, euskarazko eredua”. Jakintzan, kohesioan, berdintasunean eta harremanetan jarri nahi izan du fokua.

Ezagutzari dagokionez, euskarazko ereduak haurrei beste edozein ereduk baino gehiago ematen dietela aldarrikatu nahi izan dute eragileek; hizkuntza bat ezagutzeko aukera, eta ondorioz, ingurunea euskararen betaurrekoetatik ikustea. Hain zuzen, jakintza hori Nafarroako errealitatea hobeto ulertzeko, Nafarroa bera sakonago ezagutzeko eta Nafarroan osoki bizitzeko gakoa dela adierazi du Bilbaok. “Ingurunearekin harreman estuagoa lortzeko eta komunitatea egiteko balio du euskarak”, gehitu du.

Berdintasunean oinarritutako gizartean ere jarri nahi izan dute azpimarra agerraldian. “Guk gizarte kohesionatua nahi dugu, herritar guztiek aukera berdinak izatea nahi dugu. Geurea irakatsi, baina besteena ezagutu, besteengandik ikasi”. Eta hain zuzen, hori bera da euskarazko eredua: hartu eta emateko baliagarria den hezkuntza eredua, emateko eta hartzeko aukera eskaintzen duen eredua, euskararekin loturarik izan ez duten horien guztien beharrak asetzeko. “Ikasleen jatorriari erreparatzen dio euskarazko ereduak, bai, baina ikasle guztiak berdintasun-irizpidearen arabera hezten ditu. Horrexegatik, gutxiago duenari gehiago ematen dio, zertarako eta derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean euskararen gaitasun berdinak izan ditzaten”, adierazi du Bilbaok.

Gaitasunak eta eskubideak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekak ere hartu du hitza agerraldian, “euskarazko eredua ez da esperimentala”, eta horren adibide gisa jarri ditu euskarazko ereduaren zein berdintasunean oinarritutako hezkuntzaren alde egin eta agerraldira bertaratu diren eskola publiko eta Ikastoletako gurasoak. “Hamarkadetako esperientzia duen eredua da”, gehitu du Gaubekak, eta denborak aitortutako bi gaitasun azpimarratu nahi izan ditu: “Alde batetik, euskara eta gaztelania menperatzeaz gain, hirugarren hizkuntza bat egoki menperatzea ahalbidetzen duen eredu bakarra da; bestetik, hizkuntza guztien balio eta garrantzi berdinaz jabetuz, tokiko kultura eta izaera anitzeko aitortza eta errespetua lantzeko balioko die haurrei, harremanetan bizikidetzan hezteko oinarrizko hazia eskainiz”.

Hizkuntza eskubideei dagokionez, agerraldian bildutako eragileak hizkuntza-eskubideak defendatzearen alde lanean dihardutela adierazi du. Gaubekaren hitzetan, migratutako pertsonek askotan beraientzat ez den eredua bezala ikusten dute D eredua, bai erakunde publikoetatik beste eredu batzuetara bideratzen dituztelako, euskara ikasteko zailtasunak izango dituztela pentsatzen dutelako, zein Nafarroako hizkuntza gaztelania soilik dela pentsa dezaketelako. Baina errealitateak bestelakoa beharko lukela aldarrikatu nahi izan du Behatokiko zuzendariak, “edonork izan beharko luke bertoko hizkuntza ikasteko eskubidea eta aukera berdintasuna, euskara oztopo zein aurreiritzi gabe erabiltzeko aukera, Nafarroako aniztasuna ezagutu eta bizi zein jendarteko eremu guztietan parte hartzeko aukera”.

Zabaldu: