Gaur, 19:30ean, Deñe Garcia-Bravok eta Mikel Balerdik ondutako Eraman zutela dokumentala ikusteko aukera egongo da. Lanak memoria historikoa jorratzen du.
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ateneoak euskarazko hiru dokumental proiektatuko dituzte, hiruhileko honetarako prestatu duten kultur programazioaren barruan. Gaur, asteartea, Deñe Garcia-Bravok eta Mikel Balerdik ondutako Eraman zutela dokumentala ikusteko aukera egongo da. Memoria historikoa jorratzen duen lan hau Kondestablearen jauregian proiektatuko da, 19:30ean, eta sarrera librea da.
Dokumental honek Marcelo Lasa Zeberioren istorioa kontatzen du: Olaberriakoa zen, eta 17 urte zituela, 1936ko abuztuaren 25ean hil zuten Lizarrustiko mendatean, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugan. Garai hartan, Eraman zutela esaten zuten herritarrek, baina ez zekiten nork, non eta zergatik eraman zuten. Orain, berriz, Olaberriarrek bilatu dituzte erantzunak. Marceloren ilobak abiatutako ikerketari eta Patxi Lacunzaren testigantzari esker, Arantzadi Zientzia Elkarteak Marcelo ehortzita zegoen lekua aurkitu zuen.
Egileek ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuten Mondragon Unibertsitatean. Aztarna Productions egitasmoa sortu zuten, eta dokumental laburrak ekoitzi dituzte, besteak beste, Eraman zutela, Arantzadi Zientzia Elkartearekin eta Olargi taldearekin lankidetzan. Dokumentalaren ondoren solasaldi bat eginen da, eta bertan Iosu Chuecak hartuko du parte: Historia Garaikidean doktorea da, eta Bigarren Errepublikaren, 36ko gerraren eta haren ondoriozko erbesteratzearen eta Trantsizio Demokratikoaren inguruan ere ikertu du.
Bigarren hitzordua otsailaren 10ean izango da Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz dokumentalarekin. Filmak sorgin-ehiza ulertzeko perspektiba historiko eta kritikoa eskaintzen du, 1525ean –duela 500 urte– Auritzen hasitako jazarpena abiapuntu hartuta.
Hilabete bat geroago, maiatzaren 10ean, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalarekin emango zaio amaiera hiruhilekoari. Inge Mendioroz Ibañezek zuzendu eta idatzi du gidoia. Dokumentalak Iriondo berreskuratzen du, haren bizitza eta ondarea balioetsiz: euskarazko musikan aitzindaria izan zen, eta ezinbesteko erreferentea da euskal kulturaren transmisioan.
Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean izango dira, doan.