Azoka, komiki aurkezpenak eta bestelako kultur ekimenak izango dira, Atsegindegi plazan. Aurten, lehen aldiz, bertso-marrazki afaria ere izango da.
Azaroaren 21 eta 22an ospatuko da Hernanikomik, Udalak, udal liburutegiak eta hainbat komikizalek antolatuta. Aitor Huizi Kultura zinegotziak adierazi duenez, “Durangoko Azoka izan ohi da euskal literaturaren urteko erakusleiho garrantzitsuena; haren aurretik, euskal komikigintzaren uzta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hernaniarrok eta Hernanira hurbiltzen direnek”.
Atsegindegi izango da Hernanikomiken bihotza. Bertan, argitaletxeen postuak egoteaz gain (11:00etatik 14:00etara eta, 17:00etatik 20:00etara), komiki-aurkezpenak, tailerrak, zuzeneko marrazketak, sari-banaketak, musika eta bestelakoak topatuko dituzte komikizaleek eta bertara hurbiltzea erabakitzen duten kultur- eta euskaltzaleek.
Laugarren edizio honetan, bederatzi komiki-aurkezpen izango dira, arratsaldeetan: Antzuolako alardea (Xabier Sagasta); Udalbitzaren Geuretik Sortuak egitasmoa (Uxue Bereziartua, Usue Egia, Gaston, Eneritz Ibarra eta Patrizia Etxegarai); Linbo Planeta (Dejabu eta Paula Estevez); Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa (Marko eta Philip Charlot); Kontua eta zikina (Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites); Kateriñe (Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola); Azken afaria (Beñat eta Unai Gaztelumendi); Medium (Martin eta Xabier Etxeberria) eta Maurizia: Biziminaren hotsa (Garbiñe Ubeda eta Garluk). Ubeda bera, Iñaki Otamendi eta Iratxe Retolaza ariko dira aurkezle lanetan.
Joseph Camino saria
Jose Angel Lopetegi Lopek jasoko du aurtengo Joseph Camino saria. Ipurbeltzen aritutako da Lopetegi, eta Gabairen atzean ere badago bere eskua. Horrez gain, marrazki bizidunen arloan ere aritutakoa da: Kalabaza Tripontzia, Lazkao Txiki, Txirrita edota Karramarro Uhartea-n. Biteri kultur etxean ikusgai egongo den erakusketa haren lanari buruzkoa izango da, azaroaren 10etik 22ra.
Bestalde, aurten, lehen aldiz, bertso-marrazki afaria ere izango da Hernanikomik-en baitan. Bertsotan, Eli Pagola eta Miren Artetxe ariko dira. Marrazten, aldiz, Adur Larrea eta Dom Campistron. Afaria Sant Barbara elkartean izango da, azaroaren 21ean, 21:00etan eta txartelak salgai daude Biteri kultur etxean. Txartela erostera Hernanira hurbiltzeko aukera ez duenak, liburutegi@hernani.eus helbidera idatzi eta afari-txartelak erreserbatzeko aukera izango du.
EGITARAUA
Azaroak 21, ostirala:
Azoka Atsegindegin: 11:00-14:00/17:00-20:00.
12:00: Markoren mundua.
17:00: Doberaren VI. Kromiki lehiaketaren sari-banaketa.
Komiki aurkezpenak, Garbiñe Ubeda eta Iñaki Otamendik gidatuta:
17:30: Antzuolako alardea. Xabier Sagasta.
18:00: Geuretik sortuak: Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai, Gaston eta Eneritz Ibarra.
19:00: Linbo planeta. Dejabu konpainia eta Paula Estevez.
19:30: Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa. Marko eta Philip Charlot.
20:00: Philip Charloten gitarra kontzertua.
21:00: Bertso-marrazketa afaria.
Azaroak 22, larunbata:
Azoka Atsegindegin: 11:00-14:00/17:00-20:00.
12:00: Joseph Camino sari-banaketa: Jose Angel Lopetegi Lope.
12:30: Dzirt-dzart. Zuzeneko marrazketa: Iñaki Holgado eta Amaia Carrere.
Komiki aurkezpenak, Garbiñe Ubedak eta Iratxe Retolazak gidatuta:
17:00: Kontua eta zikina. Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites.
17:30: Kateriñe. Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola.
18:00: Azken afaria. Beñat eta Unai Gaztelumendi.
18:30. Medium. Martin eta xabier Etxeberria.
19:00: Maurizia: biziminaren hotsa. Garbiñe Ubeda eta Garluk.
19:30: Maurizia gogoan trikitixa-saioa (Eider, Lierni eta Elaia).