Asun Garikano euskaltzain osoaren hitzaldiaren muina Euskaltzaindiak pasa den astean online argitaratu duen Noeren ontzia egitasmoa izan da, euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen proiektua.
Euskaltzaindiak iazko irailaren 29an izendatu zuen Asun Garikano (Tolosa, 1962) euskaltzain oso. Orain, berriz, hizkuntzalariari sarrera-hitzaldia irakurtzeko unea heldu zaio eta Gasteizko Goiuri jauregian egin du. Ondoren, Andres Alberdi euskaltzain osoak erantzuna eman dio.
Garikanoren hitzaldiaren muina akademiak pasa den astean online argitaratu duen Noeren ontzia egitasmoa izan da; hain zuzen, “euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen” proiektua dela esan du Garikanok eta horren nondik norakoak zehaztu ditu. Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen gaineko ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta, ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta plazaratu du. Esan bezala, euskal kulturaren “itsasoan” zehar ibiltzeko tresna digitala da, eta Euskaltzaindiaren webgunean denon eskura dago jada.
Garikanok kezka horiek guztiak aipatu ditu sarrera-hitzaldian, eta ondoren goitik behera aletu ditu proiektu berriaren nondik norakoak, tartean, Noeren ontziaren helburuak: “Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian”, esan du Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, “gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura”. Hortaz, Noeren ontziaren helburuak argi daude: “Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, ‘sakonagoko zerbait’ adierazten duelako”.
Baina badu Noeren ontziak beste helburu bat ere, irakurmenarekin estuki lotua dagoena, eta horrela azaldu du euskaltzain osoak gaurko hitzaldian: “Denok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emaitzak kaskarrak izan direla irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu zuen Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, “askotariko testuak” nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa-plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren. Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: “askotariko testu” horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, Noeren ontzian jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak”.
Baina, testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak…) garrantzi berezia du proiektu berrian. Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak. Eta hori ere nabarmendu nahi izan du bere berbaldian Garikanok: “Bai, bestelako erremintak ere izango dira. Behin entzun nion irakasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta-kutxa bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, Noeren ontziako testu asko multimodalak izango dira”.
DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan
Egitasmo berria norentzat sortu den ere azaldu du euskaltzainak; batez ere, DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta atondu da Noeren ontzia, baina unibertsitateko ikasleentzat ere baliagarria izan nahiko luke, baita euskaltegi zein hizkuntza-eskolentzat, ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat, edota Irakurketa Plana hezurmamitu behar duten ikastetxeentzat ere. “Eman dezagun historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat nahi duela, gelan irakurtzeko: bilatzailean Bigarren Mundu Gerra idatzi, klik egin, eta garai horri buruzko artikuluak, kronikak, testigantzak, bertsoak aurkituko ditu”, dio Garikanok.
Honela bada, Noeren ontziak sei ataletan banatuta ekarriko ditu testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.
Andres Alberdik Noeren ontziaren uberaren arrastoan titulupeko hitzaldiarekin erantzuna eman dio Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izan ditu hizpide hitzaldiaren lehen partean. Bigarrenean, Garikanok buru egiten duen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia proiektuak eragin dizkion gogoeta batzuk harilkatu ditu. “Ilusioz hartu da proiektua, baina ezin ahaztu liteke eskolak erronka handia duela; are gehiago azken amets eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ateratzea bada”.