Euskarazko literatura sorkuntza sustatzeko ‘Hitzen Mintegia’ aurkeztu dute Iruñean

Izen-ematea irailaren 27ra arte egongo da zabalik. Interesa dutenek hiru saioetan parte hartu beharko dute. Oier Guillan eta Mikel Ayllon izango dira irakasleak.  

Euskal Idazleen Elkarteak, Iruñeko Udalaren laguntzarekin, jendaurrean irakurtzeko euskaraz idazteko lantegia antolatu dute irailaren 28 eta urriaren 5 eta 19rako, Iruñeko Kondestable jauregian.
Hitzen Mintegia 2024 ikastaro honen helburu nagusia da baliabideak eskaintzea egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko, baita idazleak elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egiteko ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, “literaturarekin jolastu eta testuak argitaratzeko beste modu bat landuko da, haien ahotik, haiek kontatutakotik, kontatu edo errezitatzearen bidez publikoaren belarrietara bidea egin dezan”. Saioak hiru larunbatetan egingo dira, goizez, 10:00etatik 13:30era. Ikastaroa 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago.

Lehenengo saioa irailaren 28an izango da, eta idazketa landuko da. Oier Guillan dramaturgo, idazle eta kazetariak eskainiko du, eta agertoki batean jendaurrean errezitatzeko testuak nola idatzi azalduko du. Astebete beranduago, urriaren 5ean, irakurketa saioa egingo dute Mikel Ayllon dramaturgo, idazle, itzultzaile eta Arte Garaikideko doktoregaiak gidatuta. Hitzei ahotsa eta gorputza emateko jarraibideak emango dira bertan. Azkenik, urriaren 19an, Ayllonek berak eta Igor Arzuaga musikariak saio bat egingo dute ikasitakoa praktikan jartzeko. Azken saioa bi zatitan banatuko dute: entsegu bat 10:00etan eta zuzeneko emanaldi bat 12:30ean, Kondestable jauregian.

Hiru saio hauetan parte hartu nahi duenak gaurtik aurrera izango du aukera 010 edota 948 420 100 telefono zenbakietara deituta. Guztira hamabost leku eskainiko dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna