Ipuinak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31n amaituko da. Deialdiaren xehetasun guztiak egoitza.araba.eus webgunean kontsulta daitezke.
Euskarazko literatura sorkuntzarako Ignacio Aldekoa Bekaren hirugarren edizioa antolatu du Arabako Foru Aldundiak. “2023an sortu zen beka honen helburua euskarazko literatura sorkuntza sustatzea da, helduentzako ipuin literarioen modalitatean”, adierazi du antolakuntzak. “Xedea lehiaketa indartzea da, baina formatu desberdinarekin, bertako errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta”, gaineratu du.
Hala, 16 urte edo gehiago dituztenek aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara, haien jatorria edozein dela ere. Beka eskuratzen duenak 12.000 euro jasoko ditu.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, “laguntza jasotzeko interesa dutenek jatorrizko ipuin bat aurkeztu beharko dute, argitaratu gabea eta jatorriz euskaraz idatzia. 10 eta 25 orrialde arteko luzera izan beharko du lanak. Horrez gain, bekak irauten duen bitartean ipuin bilduma bat egiteko proiektu bat ere aurkeztu beharko da. Egitasmoan, ateratzen den liburuak zer beste ipuin izango lituzkeen jaso beharko da, eta edukiaren izenburua eta behin-behineko deskribapena sartu beharko dira, egokitzat jotzen diren ezaugarriak zehaztuta, hala nola argumentua, egitura, luzera, estiloa…”.
Lanak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31ra arte egongo da zabalik. Deialdiaren xehetasun guztiak egoitza.araba.eus webgunean kontsulta daitezke.