Euskarazko literaturak Nafarroan bizi duen egoera aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte

Maiatzaren 8tik 10era bitartean izango dira jardunaldiak eta Koldo Izagirrek, Angel Errok, Aingeru Epaltzak, Oihane Zuberoak, Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinezek hartuko dute parte.

Nafarroan euskarazko literaturak bizi duen egoera aztertzeko, bertako hainbat idazlek hiru jardunaldi antolatu dituzte Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada izenpean, ostegunean abiatuko dira jardunaldiok.

Castillo Suarez idazle eta euskaltzain osoak azaldu duenez, “egitasmo hau 2023 eta, batez ere, 2024. urtean zehar hainbat bilera eta kontaktu egin zituen Nafarroako euskal idazle talde batena da. Guztion kezka da euskal literaturak Nafarroako gizartean duen ikusgarritasun eza. Uste dugu arazoa ez dela konponduko jardunaldi hauek eginda, baina, halaber, uste dugu bide luze baten hasiera izan daitekeela”.

Euskaltzaindiaren arabera, “esan liteke diktadurak ekarritako giro itogarritik hona euskal literaturaren egoera zeharo aldatu dela. Gaur egun aise zenbatzen ahal dira ehun euskarazko literatur sortzaile baino gehiago Nafarroan (Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean), belaunaldi eta genero literario guztietakoak. Kalitatezkoak, ideologiaren eta bizibidearen aldetik anitzak, eta erabat homologagarriak mundu osoko idazleekin erkatuta”.

Alabaina, “aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakaera eduki du euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteetan? Nafarroako gizarteak –dakigunez, gehienbat erdalduna–, ezagutzen al du aski errealitate hori? Euskarazko literatura lantzen egin den ahaleginak eduki al du behar adina oihartzun gizartean?” Neurri batean, galdera horiei erantzutera datoz Iruñeko jardunaldiok.

“Iruditu zaigu diktadura ofizialki amaitu zeneko berrogeita hamargarren urteurrena une egokia izan daitekeela erantzunen baten bila abiatzeko”, gaineratu du Suarezek. “Horretarako, komenigarria da literatur sortzaileen iritzia jasotzea”.

Egitaraua

Maiatzaren 8an, Koldo Izagirreren hitzaldia izango da Pinaquy aretoan (San Frantzisko 5), 18:30ean: Lurralde berri bat. Izagirrek joan diren 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabal bat egingo du, eta izan dituzten kritikak aztertuko ditu. Horiek horrela, kritikarien begietatik ikusita, nobelagintza horrek eduki dituen ezaugarriak eta dohain literarioak nabarmenduko ditu. Hitzaldia, gainerako ekitaldiak bezala, publikoari irekia izago da.

Ostiralean, maiatzak 9, mahai-ingurua izango da Pinaquy aretoan, 18:30etik aurrera. Irati Jimenez idazleak gidatuko du, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte-hartuko dute; hain zuzen, Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.

Amaitzeko, larunbatean errezitaldia izango da Kondestable Jauregian (Kale Nagusia, 2), 12:00etan: Lur bat zedarritzeko hitzak. Bertan, beraien poemak irakurriko dituzte Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.

Zabaldu:

Utzi erantzuna