Batu ditzagun gure ahotsak lelopean, kanpainak herritarrei dei egiten die gaitu.eus atarian sartu eta euren ahotsa grabatzeko, teknologia berriei euskara irakasteko.
Egungo teknologiek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen ditu eta euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, Gaitu izeneko kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko. Batu ditzagun gure ahotsak lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. “Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala”, azaldu dute aurkezpen ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Bingen Zupiriak azaldu duenez, “hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan eta euskara guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean”. Horixe da, hain zuzen, Gaitu kanpainaren helburua, milaka ahots, milaka grabazio ordu euskaraz lortzea. Teknologiak hizkuntzarekin “harreman zuzena” duela erakusten duten eguneroko bizitzan erabiltzen diren adibideak aipatu ditu: sakelakoari diktaketa bidez emandako mezuak; pertsona jakin bati deitzeko ahots bidezko agindua; ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak edota etxeko domotika gailuei ahots bidezko aginduak. “Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu”, nabarmendu Zupiriak. Ekimen hau urte hasieran onartutako Hizkuntzaren Teknologien Ekintza Planaren barruan kokatu du sailburuak, eta beste proiektu batzuk ere izendatu ditu; horien artean, Itzuli itzultzaile neuronala edo EHUrekin egindako ikerketarekin lotutako kolaborazioak nabarmendu ditu, ahots espontaneoaren transkripzioa hobetzeko, euskararen gaitasun-maila automatikoki detektatzeko edo desgaitasuna duten pertsonei ahots pertsonalizatuen teknologia helarazteko.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde Ana Ollok nabarmendu du proiektu hau bat datorrela Euskarabideak azken urteotan euskararen eta teknologia berrien arteko harremanak estutzen laguntzeko egin dituen lan-ildoekin. Izan ere, “sailaren plangintza estrategikoan, hasiera-hasieratik lehentasunezkotzat jo zen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskararen berezko garapen-nitxo bihurtzea, euskararen eta modernitatearen arteko lotura estutzeko estrategia gisa”, eta beste ekimen batzuk ere aipatu ziren, hala nola “Sarean euskaraz”, sustapenekoa, “Euskara aleka” eta “Euskararen oihartzunak” podcast-ak, “Mattin eta Kattalin” haurrentzako bideo-bilduma edo Wikipediarekin egindako lana. Ollok azaldu du gaur egun, “euskarak hizkuntzaren teknologien erronkei aurre egiteko, funtsezkoa dela administrazio publikoen bultzada eta herritarren inplikazioa, kasu honetan bezala”. Helburua euskal hiztunen komunitateak Gaitu proiektua bere egitea dela azpimarratu du.
Batu ditzagun gure ahotsak
Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu: Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera izango da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz. Beste aukera bat da beste hiztun batek grabatutako esaldi bat balioztatzea ematea. Horretarako, esaldi bat entzutea proposatu diote erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jartzen duena eta ulertzen dena ontzat ematea izango da. Ongi badago, ongi dagoela adieraziz, eta zuzena ez bada, ez dela egokia ohartaraziz. Hau ere nahi adina aldiz errepika daiteke.
Common Voice izeneko nazioarteko ekimenari esker sortu dute Gaitu. Ekimen irekia da, irabazi-asmorik gabea, kolaboratiboa. 105 hizkuntzatan hasiak dira Common Voice-en ahots ekarpenak egiten, eta ia beste hainbestetan prestatzen ari dira.