Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria argitaratu dute

Webguneak eta paperezko edizioak bi atal nagusitan banatu dituzte edukiak: 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzakoa.

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko 115 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Bai webguneak, zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte 21. edizio honetarako eta bi atal nagusitan banatu dituzte: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuena, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuena.

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 100.000 aletik gora Hego Euskal Herrian. Azken urteotan egin den modu berean, aurten ere bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. “Aurkezpen berri honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari”. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen Katalogoa.eus atarian dauden 2019ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Katalogoa sarean

Edizio digitalaren kasuan, dagoeneko 10.000 produktu baino gehiago biltzen dira, eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen edota argitalpen dataren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko modua izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

Nobedadeen jarraipena sare sozialen bitartez edota buletin elektronikora harpidetuz egin daiteke. Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera dute. Gainera, webguneak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin.

Zabaldu: