Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria kalean da

Webguneak eta paperezko edizioak bi atal nagusitan banatu dituzte edukiak: 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoak, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzakoak.

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Hego Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Bai webgunea, zein paperezko edizioa bi atal nagusitan banatu dituzte: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuena, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuena. Erabiltzaileari lana erraztea du helburu katalogoak.

Paperezko edizioak 70.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 70.000 aletik gora Hego Euskal Herrian. Azken urteotan egin den modu berean, aurten ere bi azal izango ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. “Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari”. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen Katalogoa.eus atarian dauden 2022ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Webgunea etengabe eguneratzen da eta bi adin tarteetako atalen artean, 7.400 produktu inguru biltzen ditu. Atal bakoitzak bere direktorioa du, eta produktu motaren araberako bilaketaren bidez, tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin-tartearen edota prezioaren arabera bila daitezke.

Zabaldu: