(argazkia: Loraldia)

Euskarazko sormen digitala sustatzeko bekaren deialdia egin du Loraldiak

Urriaren 18ra arte jasoko dira proposamenak eta 10.000 euroko ordainsaria izango du. Bi dira deialdi honen xedeak: euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea, alde batetik; eta bestetik, ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea. 

Aurreko bi edizioetan bezala, Loraldia elkarteak Euskarazko sormen digitala sustatzeko beka deialdia abiatu du. Honetan, kultur diziplina guztiak onartuko dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … Gainera, aurkeztu ahal izango den proposamena diziplina bat edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke.

Hirugarren edizio honen onuraduna zein izango den azaroaren 14an iragarriko du Loraldiak eta 2025an zehar proiektua gauzatzeko epea izango du.

Elkarteak zehaztu duenez, “proiektu berri hau ingurune digitalean gauzatu behar bada ere, aukera dago esparru analogiko eta fisikoan ere emanaldi batean gauzatzeko. Horretarako aukerarik sortzekotan, Loraldia festibalean aurkeztuko litzateke”.

Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura.

Urriaren 18ra arte jasoko dira proposamenak eta epaimahai profesional batek aukeratuko du bekaren onuraduna.

Behin erabakia hartuta, beka lortzen duenak urte bateko epea izango du lana garatzeko eta 2026eko Loraldia Festibalean aurkeztuko du emaitza.

Zabaldu:

Utzi erantzuna