(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskarazko ‘streaming’ plataforma sendo baten beharra aldarrikatu dute Iruñean

Euskarazko streaming plataforma batek nolakoa izan beharko lukeen irudikatu dute ikus-entzunezko alorreko adituek, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak elkarlanean antolaturiko jardunaldian.

Azkeneko urteetan, arras aldatu da ikus-entzunezkoen edukiak kontsumitzeko modua, eta streaming plataformak nagusi bihurtu dira kontsumoan zein ekoizpenean. Hizkuntza gutxituek leku gutxi dute eskaintza horretan, eta hari horri tiraka, eredu berrian euskararen egoera zirriborratu dute ikus-entzunezkoen hainbat alorretan ari diren adituek, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu duten jardunaldian. Kondestablearen Jauregian, etorkizunari begira jarri dira hizlariak, Estatu espainiarreko ikus-entzunezkoei buruzko lege berria izan dute hizpide, Kataluniako ereduari begira jarri dira, euskal hiztun-komunitatearekin izan dezakeen parekotasunak azaleratzeko, eta aurrerantzean ezarri beharreko jarraibideak aztertu dituzte.

Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak adierazi duenez, “Euskal Herri osoan badago kezka handia, euskarak pantailetan izan duen erreferentzialtasuna lausotzen ari baita. Hori aztertzeko gaude hemen”.

Jon Artatxo Aurtenetxe IBAIA Ekoizle Independenteen Elkarteko zuzendariak, bere aldetik, Europako arautegia eta joan den urtean onartu zen Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra izan ditu hizpide bere mintzaldian. Artatxok agerian utzi du lege horrek euskararen etorkizunean eta berreskurapenean izango duen eragina handia izango dela. Gainera, esan du “Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak guk uste baino garrantzi handiagoa duela euskara komunikabideetan defendatzeko, betebehar batzuk ezartzen baititu”. Bere aburuz, garrantzizkoa da arau horiei guztiei jarraipena egitea.

Bestetik, Euskarazko ikus-entzunezkoen erronka nagusiez aritu dira Alex Aginagalde Pantailak euskaraz plataformako ordezkaria eta Urtzi Urkizu Berria-ko kazetaria. Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea eskatu du Aginagaldek: “Beharrezkoa da euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak biltzen dituen plataforma bat, euskaldunon komunitatearen streaming plataforma nagusia bihurtuko dena”. Urkizuk ikus-entzunezkoen arloko estrategia eraginkor baten hutsunea antzematen du euskararentzat, erakunde publikoek bultzatu beharko luketen estrategia eraginkor baten falta, alegia. Kazetariaren iritziz, irailean EITBk sortuko duen Primeran plataforma oso garrantzitsua izan daiteke euskararentzat. “Ondoren etorriko dira haurrentzako Makusi eta audioen Guau. Probetxuzko plataformak izango dira, zentzu askotan”, gaineratu du.

Kataluniako eredua

Kataluniako eredua ezagutzeko aukera ere izan dute bertaratuek. Jaume Ripoll Vaquerrek Filmin.cat plataformaren esperientzia azaldu du bideo-testigantza batean. Streaming plataforma horretan katalanez ikus daitezke milaka pelikula, serie eta dokumental, katalanez eginak, bikoiztuak edo azpititulatuak.

ICEC Kataluniako Kultura Enpresen Institutuko hizkuntza politikaz aritu da Francico Vargas presidentea. “Hizkuntza ikuspegia dugu, katalana ez baitago beste hizkuntzekin parekotasunean. Estrategikoak dira guretzak iraunkortasuna, alde batetik, eta bestetik, publiko desberdinetako produktuak egitea. Profilen arabera sortu edukiak”. Horretarako, jatorrizko bertsioa katalanez dituzten pelikulak eta serieak ekoizteko diru-laguntza lerro berria onartu dute.

Euskarazko streaming plataformari dagokionez, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak beharrezkoa ikusten du eragile, proiektu eta ekoizle desberdinen arteko sarea sortzea: “Gaur egun, herri batek ez du etorkizunik tokiko produkziorik gabe. Primeran Euskal Herriaren ikus-entzunezkoen kontakizuna izatea nahi dugu, anitza izatea nahi dugu, horregatik da beharrezkoa elkarlana”.

Gaizka Arangurenek (NAPAR) gogoratu du Euskal Herri mailako ikuspegia ez dela inoiz galdu behar: “Euskaldunon masa kritikoa ez da handia; euskal edukietara joateko leihoa izan beharko litzateke streaming plataforma hori”. Plataforma horretan hizkuntzen tratamendua zein izan beharko litzatekeen zehaztu dute, halaber.

Bikoizketaren garrantziaz mintzatu da BIEUSE elkarteko Xabier Alkiza: “Kalitatezko bikoizketa sustatzea behar-beharrezkoa ikusten dugu”. Ondoren, Kanaldude-ko Eki Pagoagak gaineratu duenez, “gu biziki sensible gara edukien ikuspegiarekin, baita bikoizketa eta euskalkien erabilerarekin ere. Badira standar batzuk, eta horiek aldatzeko egin behar da lan”.

Azkenik, Iban Arantzabal (TOKIKOM) edukien garrantziaz mintzatu da: “Beharbada ahazten zaigu sare sozialek zabalkunderako balio dutela. Katalanek duten politika ausartaren antzerako zerbait beharko genuke, hutsune hori sumatzen dut gurean”.

Zabaldu: