Euskaldunok etorkizunik ote dugun hausnartzeko sortu den egitasmoa da, horretarako hainbat diziplinatako ordezkarik hartuko dute parte. Javi Rivero sukaladariak, esaterako, argazki berezi batekin irudikatu nahi izan du bere Euskozenoa, Euskal Herriko aniztasuna islatzen duen mahainguru bat.
Euskozeno plataforma aurkeztu dute gaur Errenteriako Badalaben. El Chivo Peludo artista bisuala, Javi Rivero sukaldaria, SOS Arrazakeria eta Dejabu antzerki konpainia, Aritz De La Hera moda diseinatzailea, Arantzazuko fraideak eta Amaia Lejarreta artista dira egitasmoaren parte hartzaileak eta azaldu dutenez, “kultura astintzera datorren plataforma independentea da, eta euskal nortasunen adierazpen libreak azaleratzea du helburu”.
Etorkizunean plataforma handitzea dute helburu, eduki gehigarria eskaini nahi duen edonori plataforma zabalduz.
Javi Rivero Tolosako Ama jatetxeko sukaldariak proposatutako gorpuztearekin batera aurkeztu da plataforma. Diasporaren inguruan egindako lanketa baten ondoren, argazki berezi batekin irudikatu nahi izan du sukaldariak bere Euskozenoa, Euskal Herriko aniztasuna islatzen duen mahainguru bat.
2022ko abenduan diasporako euskaldun talde batekin egindako saio hartan, hausnarketa kolektibo batean, galdera hauen inguruan lan egin zuten: “Kanpoan bizitzean nola esperimentatzen dut nik euskalduntasuna?” eta “euskaldunok etorkizunik ba al dugu komunitate bezala? Nola ote?”
Euskozenoa hainbat “artefaktu” erabiliz gizarteratu daitekela diote, alde batetik Munduratzeak “euskal nortasunen inguruko hausnarketa kolektiboak dira. Lanabes nagusia
entzute aktiboa dugu”.
Bestetik Hitzak “egunerokoan sortzen diren errealitate berriekin bat etorriz, hizkuntzaren bilakaera islatu nahi duen bilduma berria da”.
Amaitzeko, Gorpuzteak “euskal kulturaren protagonista berriak irudikatzeko interpretazio sortzaileak dira. Munduratzeetan azaleratutako gogoetak izan daitezke hauen abiapuntu, edo ez”.
Hurrengo gorpuzteen artean, SOS Arrazakeriak eta Dejabu antzerki taldeak sortutako antzezlana edota Amaia Lejarreta artistaren eta Janire Etxaberen dantzari bertikalaren arteko elkarlanak daude. Beraien lanaren berri sare sozialetan emango dute.