1979ko ekainaren 3an, Guardia Zibilak Gladys del Estal tiroz hil zuen, Tuteran, nuklearren aurkako mugimenduaren mobilizazio baten ostean. Bertha Gaztelumendik zuzendu duen dokumentalak 23 urteko gaztea nor zen eta zer gertatu zen kontatzen du.
70eko hamarkada amaieran eta 80ko hamarkada hasieran, mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, 1979ko ekainaren 3an mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal ekologista gaztea bertara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibilak tiroz hil zuen. Bertha Gaztelumendik zuzendutako Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumetalak, gazte ekologistaren gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egiten du. Sabino Ormazabalek idatzitako dokumentala da honakoa.
Dokumentalaren lehen aurrestreinaldiak azaroaren 12an Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian (Zinebi) lehiaketatik kanpoko Bertoko Begiradak sailean, Bilboko BBK aretoan, 20:00etan izango da, eta abenduaren 8an Durangoko Azokan.