EZAEren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema-aretoak indarra berreskuratzen hasi dira

Elkarteak nabarmendu du baita ere, diru-sarreren % 40 eta publikoaren % 43 galdu dutela 2019 urtearekin alderatuta.

2022ko azken hilabeteetako datuak kontutan hartuz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema-areto pribatuak indarra berreskuratzen hasi direla adierazi du EZAE elkarteak. Hala ere, pandemiaren aurreko urtea erreferentziatzat hartuta, “diru-sarreren % 40 eta publikoaren % 43 galdu dituzte 2019arekin alderatuta”, nabarmendu du elkarteak. “Euskal zinema-aretoek 2019an 28,1 milioi euro biltzetik 16,8 milioi euro biltzera igaro dira 2022an, eta 4,7 milioi ikusle izatetik 2,7 milioi izatera”, zehaztu du.

“2021arekin konparatuta, nabarmena da hura urte anomaloa izan zela estreinaldiei dagokionez. Egoera horrekin alderatuz, beraz, 2022an aretoek % 44 handitu dituzte diru-sarrerak, eta % 36 ikusle kopurua. Datu itxaropentsu horiek direla-eta, susperraldi motel baten hasiera da”, uste du EZAEk, baina ezinbestean laguntza-ildo iraunkorrak beharko dituela azpimarratu du.

Lurralde historikoen arabera, 2019 eta 2022 urteen arteko alderaketan gehien galdu duena Araba izan da, % 44 egin baitu behera diru-bilketak eta % 47 ikusleek. Bizkaian, berriz, diru-sarrerak % 40 jaitsi dira eta ikusleak % 43, eta Gipuzkoan, diru-bilketa % 37 eta ikusleak % 40 murriztu dira.

2019 batez besteko urtetzat hartuz gero (2015-2019 aldiko joera mantentzen baitzuen), 2020an 3,3 milioi ikusle galdu zituzten aretoek, pandemiaren aurretik aretoetara joaten zirenekin alderatuta. 2021ean 2,7 milioi ikusle galdu ziren, eta 2022an, aldiz, 2 milioi. Guztira, 2019tik 2022ra metatutako guztizko kopuruak 8 milioi ikusleren galera agerian utzi du.

Publikoak berreskuratzeko beste laguntza batzuez gain, EZAEk uste du “premiazkoa eta beharrezkoa” dela sektorea berrantolatzea, “100 eguneko leiho esklusiboa ezarriz zinemetan egiten diren estreinaldi guztiei”.

“Gogoan izan behar da Zinemaren Legeak hiru hilabeteko leihoa ezartzen ziela laguntza publikoak jaso zituzten filmeei, 2015ean indargabetu zen arte. Eta Estatu frantsesak 15 hilabeteko leihoa ezartzen duela zinema-aretoetan estreinatutako filmei streaming plataformetan kaleratzeko baimena izan arte. Italian, berriz, 90 eguneko leihoa onartu dute, filmen jatorria edozein dela ere, zinema-aretoei krisialditik ateratzen laguntzeko neurri gisa”, azaldu du elkarteak.

Hala, EZAEren ustez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoera bereziki gogorra dela nabarmendu du; izan ere, 2020 eta 2021 artean, EAEko aretoek 20 milioi euroko galerak pilatu zituzten, eta 2022an emaitzek hobera egin badute ere, sektoreak larriki kaltetuta jarraitzen du.

Film arrakastatsuenak

2022ko EAEko hamar film arrakastatsuenak honako hauek izan dira, hurrenkera honetan: Avatar, el sentido del agua; Minions: El origen de Gru; Jurassic World, Dominion; Padre no hay más que uno 3; Tadeo Jones, la tabla esmeralda; Doctor Strange en el multiverso de la locura; Uncharted; El cuarto pasajero; Thor: Love And Thunder eta The Batman.

Zabaldu: