Artekartu 1. edizioko irabazleetako bat izan zen

‘Ezkaba 1938’, ‘Oroitzapen gorriak’ eta ‘Titapia’ lanek irabazi dute Taulara mikroantzerki lehiaketa

Hiru irabazleek zortzi asteko epea izango dute lanak prestatzeko eta martxoaren 27an aurkeztuko dituzte Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Antzerki munduko norbanakoei eta taldeei zuzenduta eta euskarazko antzezlan laburren sormena bultzatzeko asmoz, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Taulara ikroantzerki lehiaketa jarri zuen martxan iazko azaroan. Bigarren edizio honetan,  antolatzaileek jakinarazi dutenez, zortzi proposamen aurkeztu dira Euskal Herriko hainbat lekutik eta denak kalitate handikoak izan dira. “Aurten proposamen arabarrak nagusitu dira, zortzi horietatik bost lurralde horretatik jaso baitira, beste bi Gipuzkoatik eta bat Bizkaitik”. Gainera, epaimahaiak sariak jasotzeko aukeratu dituen hiru lanak arabarrak dira.

Hauek dira epaimahaiak aukeratu dituen hiru lanak: Ezkaba 1938 (Benan Oregi Iñurrieta), Oroitzapen gorriak (Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianes) eta Titapia (Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardo).

Lehenak 1.500 euroko saria jasoko du, obra original onena izateagatik, eta beste biek 750 euroko sari bana irabazi dute. Hiru irabazleek zortzi asteko epea izango dute lanak prestatzeko eta martxoaren 27an aurkeztuko dituzte Oihanederren. Aurkezpenean publikoaren saria jasotzeko aukera ere izango du hiru lan hauetako batek (500 euro).

Kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdirako propio sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen presentzia hartu ditu epaimahaiak irizpidetzat lan sarituak aukeratzeko orduan.

Zabaldu: