Mikelazulo kultur elkartera itzuliko da jaialdia aurten. Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturgunean ere izango dira emanaldiak.
Eztena jaialdiaren hamazazpigarren edizioa ekainaren 5etik 8ra bitartean egingo da Oreretan. Egun horietan arte eszenikoek herria girotuko dute askotariko antzerki eta arte eszenikoen emanaldiekin. Lekuona Fabrikan, Niessen Kulturgunean eta Mikelazulo Kultur Elkartean egingo dira emanaldiok.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “kultura garaikidearen zabalkundean Errenterian giltzarri izan den Mikelazulo kultur elkartearen espazioa Eztena jaialdiaren sorlekua izan zen. Etenaldi baten ostean, aurten ateak zabalduko ditu berriro eta Eztena jaialdia bere sorlekura itzuliko da. Herritarrek, arte eszenikoen zaleek eta urte hauetan guztietan jaialdiaren garapenean lanean izan diren ‘Eztenakide’ guztiek sorlekura itzultzeko aukera izango dute”. Eztenako lantaldeak, Zizt! Kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta, eztenakide guztien laguntzarekin osatu da aurtengo edizioa.
Jaialdiaren egitaraua
Aurtengo edizioak askotariko konpainia eta sortzaileak ekarriko ditu Errenteriara. Sarrerak laster eskuragarri izango dira sarrerak.errenteria.eus webgunean. Aurten, gainera, “emanaldi gehienetara joateko aukera ezinhobea emango duen sarrera-bonoa eskuragarri egongo da”, nabarmendu dute.
Ekainak 5, osteguna
Mikele Urroz – Mendia
Niessen Kulturgunea | 20:00
Ekainak 6, ostirala
Formol Laborategia – Heriotzak Eduardo du izena
Niessen Kulturgunea | 19:00
Mari Zaunka | Erreka ondoan, bi gezur
Lekuona Fabrika | 20:30
Ekainak 7, larunbata
Zanguango Teatro – Paso a paso, la mirada nómada
En la calle, comenzando desde Mikelazulo | 12:30
Izen-emateak:
jaialdiaeztena@gmail.com / Watsapp: 666 33 04 19
Pez Limbo – Daisy Crazy
Mikelazulo | 18:00
Sarrera librea edukiera bete arte
Las Nenas – Torcidxs
Lekuona Fabrika | 20:00
Ekainak 8, igandea
Herri Arte Eskolako antzerki talde gaztea – Ametsak & motorrak
Niessen Kulturgunea | 18:00
Sarrera librea edukiera bete arte.
Rosa Romero – Soy un baile
Lekuona Fabrika | 19:30
Aniztasuna eta berrikuntza bultzatuz
Eztena arte eszenikoen jaialdia 2008an sortu zen Errenterian, Mikelazulo eta Zizt! kultur elkarteen ekimenez, eta Errenteriako Udalaren laguntzaz. Jaialdiaren helburua da edukietan, formetan eta antolakuntza moduetan arriskuak hartzen dituzten konpainia eta sortzaileei plaza bat eskaintzea. Urtez urte, Eztenak arte eszeniko garaikidearen aniztasuna eta berrikuntza bultzatu nahi izan ditu, esperimentaziorako eta hausnarketarako gune bat proposatzeko helburuz.