Identitate berriak eta giro ez-mainstreama biltzen dituzten emankizunak izango dira jaialdian.
Zizt! Kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta, Eztena arte eszenikoen edizio berria egingo dute Errenterian, ekainaren 6etik 9ra bitartean. “Bestelakotasunaren gaia abiapuntu hartuta arte eszenikoek girotuko dute Orereta beste urte batez”, adierazi dute antolatzaileek. Lau egun horietan zehar ikuskizunak, performance kolektiboak eta jaialdian zehar antolatu diren tailerrak izango dira. Emanaldi guztiak herriko eszenatokietan egingo dira, hala nola, Lekuona Fabrikan, Niesseneko entsegu gelan eta Niessen auditorioan.
Bestelakotasunaz
Aurtengo egitaraua “egitaraua queer xamarra” geratu zaiola dio antolakuntzak. Identitate berriak eta giro ez-mainstreama biltzen dituzten emankizunak izango dira jaialdian. “Ikuskizun eta tailer denek komunean duten ezaugarria izango da ezohikoarena. Horregatik, bestea edo bestelakotasuna deritzon kontzeptu filosofikoaz baliatu gara aurtengo edizioaren izaera definitzeko”.
“Artista gonbidatuen zerrenda anitza da. Artista eta ikuskizun denek biltzen dute euren baitan ezohikoa den esentzia bat, ez absolutua, ez zentrikoa, ez kanonikoa. Bestelakoak dira; izaera propiodunak, bazterragokoak, guretzako interesgarriagoak”, esan dute.
Gainera, Francisaldia jaialdiarekin bat egingo du aurtengo Eztenak eta egitarauaren tailer batzuk elkarlanean eskainiko dituzte.
Egitaraua
Ekainak 6
19:00, Niessen Kulturguneko auditorioa: Amaia Bonoren (Gasteiz) ‘Belarriprest’ (antzerkia / euskaraz); eta Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren (Donostia) Popperra, afterra, utopia, (spoken word, musika / euskaraz).
Ekainak 7
18:00, Kiki House of Anunnakiren (Maroko / Euskal Herria) Camina, baila, brilla (Vogue dantza); eta Kiki House of Anunnaki ft. Francisaldia (Mahai ingurua / euskaraz / gaztelaniaz).
20:30, Lekuona Fabrika: Gori Goriren (Ainara Gurrutxaga eta Ander Fernandez) (Errenteria) aurkezpen kontzertua (musika, performance / euskaraz).
Ekainak 8
19:00, Niessen Kulturguneko entsegu gelan: Antiki TKM-ren (Venezuela) Muñeca supernatural (performance, drag / gaztelaniaz); eta Mr. G-ren (Estatu espainiarra) ‘Sara Segovia is Mr. G’ (performance, drag, clown / gaztelaniaz).
22:00, Lekuona Fabrika: Las Marikarmen-en (Katalunia) Nos pegan
(Musika, performance / gaztelaniaz).
Ekainak 9
18:00, Niessen Kulturguneko Entsegu Gela: Ainhoa Alberdiren (Zarautz) Ixa bella piztia (Butoh dantza).
19:00, Lekuona Fabrikan: Alberto Cortes-en (Estatu espainiarra) One night at the golden bar (antzerkia / gaztelaniaz).
Horrez gain, hiru tailer ere antolatu dituzte jaialdiaren baitan. Izen ematea ikastaroakeztena@gmail.com helbidean egin beharko dute interesa dutenek ekainaren 3ra arte.
Eztenako lantaldea
Eztena jaialdia duela 14 urte sortu zen honako helburuarekin: “edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei plaza bat eskaintzea”. Urte hauetan guztietan zuzendaritza eraman duen taldeak iaz esperimentu berri bat egitea deliberatu zuen: ordura arte jaialdiko antolakuntzan aritu ziren eskarmentudunek, arte-eszenikoen munduan dabiltzan hainbat gazteri utzi zieten iazko edizioa martxan jartzeko ardura. “Ez ziren batere makal aritu”, izan ere, beterano eta gazteak nahastuta aritu dira aurtengoa antolatzen.