'Faisaiaren irla' filma

‘Faisaiaren irla’ filmak irekiko Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia

Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra bitartean izango da Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta hiriko beste hainbat gunetan.

Asier Urbietak zuzendutako Faisaien Irla euskal ekoizpenak irekiko du apirilaren 4an Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia, Victoria Eugenia Antzokian.

Hendaian, Baionan, Donostian eta Irunen filmatuta, Urbietak berak eta Andoni de Carlosek (Handia) idatzi dute gidoia euskara, gaztelania eta frantsesa nahastuz eta Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak ditu protagonista.

Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) protagonistak irla paretik paseatzen doaz bi pertsona ibaia igerian zeharkatu ezinik ikusten dituztenean. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertuko da irlan, estatu batek besteari uhartearen burujabetza ematen dion ekitaldian. Urbietak azaldu duenez, “egun buruzuri batean gosaltzen ari nintzela, txirrindulari batzuk Bidasoaren beste aldera iristen saiatzen ari ziren bi pertsonen oihuak entzun zituztela irakurri nuen egunkarian. Ezin omen zioten korronteari aurre egin. Haien lekuan jarri eta galdera bat hasi zitzaidan buruan bueltaka: ‘Zer egingo nuke nik?’ Jauzi egingo nukeela erantzutea gustatuko litzaidake, baina, ez daukat hain argi. Gertakari honetatik abiatuta pelikularen istorioa garatu nuen”.

Urbietak bere etxetik gertu gertatzen den “egoera konplexu eta global hau” kontatu nahi izan du filmarekin, askorentzat ezezaguna delako. “Mugak, nazioarteko politikak eta bidegabekeriak guztiei eragiten digute. Horregatik sortu zait historia hau kontatzeko beharra. Etxetik gertu gertatzen den historia hau nazioarteko ikusleei ere eragingo dielakoan nago, unibertsala delako”.

Giza Eskubideen Zinemaldia

Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gai eta istorio bilduko ditu, esaterako: AEBetako eskubide zibilen aldeko borroka, Harry Belafonteren figuraren bitartez; Souleymane migratzaile ginearraren bizitza frenetikoa, Parisko kaleak zeharkatzen janari banatzaile gisa bizimodua ateratzen duena, edo Mexiko Hirian espazio publikoak egunero garbitzen lan egiten duten emakumeen istorioa. Bestetik, Lagosen (Nigeria), Afrikako bigarren hiri jendetsuenean, beren etxeak ez galtzeko talde batek egindako borroka ezagutzera emango da, eta leiho bat irekiko zaio iraganari, 1968ko Pragako Udaberrian eta Ceauşescuren azken egunetan izandako gertaerak kontatzeko.

Arratsaldeko 19:00etan eta 20:00etan izango dira emanaldiak eta, ondoren, solasaldietan, gaurko hainbat gaitan sakontzeko aukera egongo da, filmetako ordezkariek eta giza eskubideen arloan lanean diharduten pertsona, ekintzaile eta erakundeek parte hartuta; beren esperientziak publikoarekin partekatuko dituzte.

Bestetik, aurten berriro izango da Zinema eta Memoria zikloa Tabakaleran. Zikloa osatzen duten hiru filmetan (Ernest Cole: Lost and Found, Henry Fonda for President eta Riefenstahl) Historia kontatzeko garaian irudiek duten ahalmena eta garrantzia aztertzen dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna