Familia bateko belaunaldi desberdinen istorioak jasotzen ditu Ruben Sanchezek ‘Hondarrak’ eleberrian

Gasteizkoaren lehen nobela honetan, kartzelako pasadizoak eta gorabeherak Uxue herriko egunerokoarekin nahastuko zaizkigu, 80ko eta 90eko hamarkadak Gerra Zibilaren hondarrekin, Nafarroako hegoaldea Arabako hiriburuarekin.

Tupa dugu Ruben Sanchezek ondutako Hondarrak (Txalaparta) liburuaren protagonista. Tupa etakide izateagatik atxilotzen dutenetik, espetxe batetik bestera daramate. “Euskal Herrian halako pertsonak izan ditugu inguruan, familian, kuadrillan, unibertsitatean. Euskal Herriko gatazkak –eta munduko antzeko beste borroka askok– nire bizitzan eragin handia izan dute, eta dute. Nik Tupa hartu dut eta kamera bat jarri diot begietan, belarrietan, garunean eta bihotzean”, azaldu du egileak. Protagonista gazteak Itzalean, familiaren istorioak biltzeari ekiten dio, eta horrela agertzen zaizkigu, beren ahotsean, Pilar eta Julia, hiru belaunaldiren kontaketa osatzeko. Pilar da eleberriaren abiapuntua, Sanchezen amatxia. “Duela urte batzuk oroimena galtzen hasi zen eta pentsatu nuen bere bizitzako oroitzapen- hondarrak jasotzea”.

Kartzelako pasadizoak eta gorabeherak Uxue herriko egunerokoarekin nahastuko zaizkigu, 80ko eta 90eko hamarkadak Gerra Zibilaren hondarrekin, Nafarroako hegoaldea Arabako hiriburuarekin. Eta herri bat husten ikusiko dugu, pertsona bat kartzelan zahartzen, ametsak aldatzen eta behin hartutako erabakien ondorioekin bizitzen.

Sanchezen lehen eleberri honek, espetxe literatura esan dakiokeen azpigenero hori elikatzeaz gainera, gatazkak eta gatazkek ezaugarritutako herri baten kontaketa bizia egiten du, nahiz eta umoretik ere baduen liburuak. “Niri gustatzen zait umorea, ia edozein egoeratan. Bestalde, kartzelan ere bada umorea, oso umore ona; egoera zenbat eta tragikoagoa, umorea ederragoa. Bestalde, Pilarrek gogoratzen dituen gauzetako asko barrez gogoratzen ditu. Barre egitean, memorian gauzak hobeto gordetzeko hormonak pizten ditugu. Eta eleberri honek memoriarekin ere badu zerbait”.

Idazlea Zaragozan jaio zen arren, txikitatik bizi da Gasteizen. Euskara gaztaroan ikasi zuen; lehenik Enpresa ikasketak eta gero Euskal Filologia egin zituen. Hainbat lanbidetan jardun da, baita euskara irakasle ere. Azken urteotan bertso munduan eta herri mugimenduan murgilduta ibili da. Idatzizkoan, Araba, bertso histori ezberdin bat (Arabera 2006) lan korala osatu du enkarguz. Gaur egun, Konpost taldean dihardu Bingen Mendizabal, Jon Aranburu eta Txerra Bolinagarekin batera.

Zabaldu: