(argazkia: Tabakalera)

Familiartean gozatzeko ‘Situ-Akzioak’ gunea estreinatuko dute Donostiako Tabakaleran

0 eta 6 urte bitarteko haurrek, helduez lagunduta, argia, kolorea eta mugimenduarekin esperimentatu ahal izango dute. 45 minutuko jolas libreko saioak izango dira. Interesa dutenentzat sarrerak eskuragarri daude jada.

Situ-Akzioak izeneko proiektuak esplorazio sentsorialerako jolas proposamen irekiak diseinatzea planteatzen du. Horretarako, Donostiako Tabakalerako lehen solairuan espazio bat eraldatuko dute, denen artean 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat pentsatu eta sortuak izan diren jolaserako proposamen askeak bideratu eta bertan sortu, eraldatu eta sinbolizatzeko aukera eskainiz.

Egitasmo honen antolatzaileek azaldu dutenez, “jolas ireki proposamenak izango dira, denen artean pentsatutako agertokiak eta elkarrekin eraiki, eraldatu, sinbolizatu eta esperimentatzeko aukera izango dugu bertan. Jolas libreko paisaia-gune hauek Tabakalerako espazio eta momentu jakin batean gauzatuko dira, asteburuan”.

Zortzigarren edizio honetan, Maushaus arkitektoen kolektiboa izan dute bidelagun, elkarrekin jokatuko duten esperimentaziorako paisaia hau sortzeko.

Espazioaren planteamenduak Julio Leparc artistaren lana eta lan prozesua hartzen ditu abiapuntutzat, eta argia, kolorea eta mugimendua bezalako kontzeptuetan sakontzen du.

Situ-Akzioak: Esperimentaziorako paisaiak egitasmoa ostegun honetan, hilak 15, abiatuko da eta ekainaren 20ra arte luzatuko da. Interesa dutenek sarrerak eskuragarri dituzte jada, hemen.

Zabaldu: