Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da eleberria da landuko duten liburuetako bat. Udaberriko saioak martxoaren 25ean eta apirilaren 2an egingo dituzte.
Iaz hasitako bideari jarraituz, Altsasuko Udaleko Berdintasun Arloak eta Udal Liburutegiak elkarlanean Feminismoa irakurgai izeneko programa garatuko dute aurten ere. “Programa honen helburua da oro har herritarrek, eta, bereziki, emakumeek feminismoarekin lotutako gaiak lantzea literaturaren eta hausnarketa partekatuaren bidez”, azaldu dute antolatzaileek.
Guztira lau saio egingo dituzte bi euskarazko literatura-tertulia taldearekin eta beste bi gaztelaniazko taldearekin udaberrian eta udazkenean.
Udaberriko saioak martxoaren 25ean eta apirilaren 2an egingo dituzte, eta liburu hauek landuko dituzte: Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da eta Ursula Parrotten La Divorciada. Euskarazko taldea Iratxe Retolaza Gutierrez idazle eta literatura-kritikariak gidatuko du. Gaztelaniazko taldea, berriz, Naia Carlos Mendiorozek. Hispaniar filologoa da, eta europar literaturan eta genero-ikasketetan espezializatua dago.
Saio horiek irekiak izango dira, eta literatura-tertulietan parte hartuko duten pertsonez gain, edozein herritarrek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, izena ematea gomendatu dute antolatzaileek berdintasuna@altsasu.net posta elektronikora mezua idatzita.
Egitasmoaren inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, jarri Berdintasun Arloarekin harremanetan aipatutako helbide elektronikora idatziz, edo 948 46 83 43 / 628 328 593 telefonora deituz.