(argazkia: Irekia)

Feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua gazteen artean lantzeko egitasmoa aurkeztu dute

Jakin Fundazioa eta Elkar argitaletxea dira Geruzak egitasmoaren sustatzaileak, Txakur Gorria kolektiboak jarri dio izena eta logoa, Lander Garrok zuzendu ditu ikus-entzunezkoak eta gazteak dira protagonista.

Feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua gazteen artean lantzeko ikus-entzunezko sorta eta webgunea biltzen dituen egitasmoa da Geruzak.

Taldelanean abiatu eta gauzatutako proiektua da bere osotasunean Geruzak. Jakin Fundazioa eta Elkar argitaletxea lankidetzan dira sustatzaileak, Txakur Gorria kolektiboak jarri dio izena eta logoa, Lander Garrok zuzendu ditu ikus-entzunezkoak eta gazteak dira protagonista. Azaldu dutenez, “egitasmoaren bidez, pentsamendu kritiko eta autonomorako espazio bat sortu nahi da, ikus-entzunezkoen bitartez eta material osagarrien laguntzaz eztabaida eta kultur transmisioa bultzatu nahi dituena”.

Gazteak izan ditu proiektuak jomuga, eta hargatik abiapuntu bilakatu ditu. Horrela azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak: “gai eta auzi jakinen bueltan, gazteen hitza, gazteen bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak jaso nahi izan ditugu eta dokumentaletara ekarri”. Horrela, gazteak libre ikusiko ditugu euren ideiak partekatzen, harilkatzen, osatzen “elkarren aurrean biluztuz eta elkar jantziz”. Dokumental horiek ikusiz, denok jantzi ahalko gara eta gogoeta gehiagoren sorburu izatea da helburua. Gainera, sortutako hausnarketarako espazio honek “euskaratik pasarazi” ditu euren kezka eta interesak, eta euskarari esparru hori ematea ere bada xedea.

Oraingoz sei ikus-entzunezko tematiko osatu dira gazteak protagonista direla: Desira, Sormena, Askatasuna, Boterea, Ondo Bizitzea eta Taldetasuna. Aurrerako atal gehiago egiteko aukera zabalik utzi du Alaitz Aizpuru Elkar Argitaletxeko ordezkariak. Dokumental horietako protagonistak “Euskal Herriko leku eta errealitate soziolinguistiko, kultural eta politiko desberdinetako” gazteak dira, elkarren artean gaiaz hizketan: Begoña Garaikoetxea Diaz, Andrei Fuchs Anev, Ilargi Manterola Aranburu, Maialen Arteaga Gonzalez, Aner Peritz Manterola, Netsanet Iriart Xarriton, Aimar Jusue Rosano, Iruri Altzerreka Martinez, Lide Crespo Zuazua eta Unai Rivera Martinez. Gazteen elkarrizketen osagarri, Markos Zapiain eta Shukare Otero adituen irakurketak ematen dio forma dokumental bakoitzari.

Webgunea

Jakinek bere atarian azaldu duenez, “webgunearen helburua haratago doa. Kultur diziplina desberdinetako adituek proposatutako erreferentziak kontsultatzeak euskal kulturaren transmisioa indartuko du, Aizpuruk azaldu bezala “gai bakoitzari buruz artean, dantzan, bertsolaritzan, literaturan eta musikan dauden piezak egongo dira ikusgai” eta aurrerago erreferentziak zabaltzeko asmoa erantsi du “pentsamendua, antzerkia eta feminismoa” ere gehituko baitizkiote. Eta nola ez, gazteentzat izanik, Twitter, TicToc, Instagram eta Youtuben jarraitu ahalko da euren berri etengabe”.

Zabaldu: