Kazetaritza, saiakera eta fikzioa uztartu ditu idazleak liburuan.
Fermin Etxegoien kazetari eta idazleak (Oñati, 1966) Totelak izeneko eleberri hibridoa kaleratu du Erein argitaletxearen eskutik. Saiakera, kazetaritza eta fikzioa uztartzen dituen lana da, “euskal literaturan ohikoa den auto-pertzepzio ariketaren generoa (nor-gara-gu-zer-gara-gu) ezohiko eremuetara eramateko”.
Eleberria Maserati gorri batean. St. Moritz aldean bidaiatzen ari den bikote batekin abiatzen da, emakumeak bularreko minbizia itxuraz gainditu duela ospatu nahi dute. Thomas Mann-ek Mendi Magikoa eleberrian ezagutzera eman zuen ospitalea ere bisitatu nahi du bikoteak. Burutazio bikaina etorriko zaie bidaian, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekar liezaiokeena.
Idazlea, bestetik, Santanderren kalean jotzen ari den musikari frustratu bati buruz hitz egiten du liburuan. “Ezustean, harreman estua izan beharko du Ruper Ordorika musikariarekin eta bizitza aldatuko zaio”.
Eleberriaren gatazka gune nagusia da “euskal kultura garaikidean ageri diren errealitate mugatzaileak eta fikziozko pertsonaien jarrera kontrajarriak haien aurrean”, adierazi du egileak.
Etxegoienek azaldu duenez, “euskalduna da… bere aukera linguistikoen gainetik bizitzen saiatzen dena. Gure inkontziente kolektibo linguistikoa oso erdalduna da eta erdaraz edozein erregistro onartzen dugu, euskaraz ez bezala, non ia edozerk kanporatzen gaituen narraziotik”.
Egileak kutuntzat dituen hainbat gai aztertu ditu liburuan larritasuneraino: Euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika, mikro-geografiak.
Totelak ezohiko bidaia liburua da. Espazioan ez ezik, denboran ere bestelako bideak hartu baititu autoreak. “Euskaldunontzat mugatzaile diren zenbait errealitateren gainean, fikziozko tour de force original, sakon, gordin eta zirikatzaile bat”.