Fermin Muguruzak nazioarteko bira bat iragarri du

Irungoak Kortatu bere lehen taldearen sorreraren 40. urteurrenean, musika ibilbide osoa errepasatuko du zuzenekoetan.

Hamaika urtez nazioarteko birarik egin gabe igaro ondoren, eta abenduko Bilboko bi kontzertuetarako 16.000 sarrera minutu gutxitan saldu ondoren, Fermin Muguruzak 2025erako nazioarteko bira bat iragarri du. Irungo musikaria Europa, Amerika eta Asiako hainbat hiritako agertokietara igoko da bira honekin, Kortaturen hastapenetik hasi eta Negu Gorriak eta bakarkako lan berriagoetarainoko ibilbidea errepasatzeko.

Kultura disidentearen kontrako zentsura

40. urteurren hau momentu berezi batean iritsi dela dio musikariak, eskuin mediatiko eta judizialak bere aurkako erasoa egin baitu berriro. Horren aurrean, Muguruzak sare sozialetan ohartarazi zuen kultura gehiagorekin erantzungo zuela, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz.

Muguruzak emanaldi hauek kontzertu soil batzuk baino gehiago izango direla adierazi du, “musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna bezala erabiltzeko balioko dute”. Hala, “Publikoak Euskal musikaren eta baita nazioartekoaren ikono bihurtu diren abesti ezberdinez gozatzeko aukera izango du”.

Bira hau aurkezteko helburuarekin, Muguruza lagun handiez inguratu da bideo batean, besteak beste, Itziar Ituño, Maria Cruickshank, Aitziber Garmendia edota Jon Plazaola bezalako Euskal aktoreez, eta baita HOFE bezalako musikari eta sektoreko jende ezberdinaz ere:

Bira osoko punturik gorenena irungo abeslariak Donostiako Anoeta Estadioan eskainiko duena izango da, bere jaioterritik 15 minutu eskasera. Irundarrak inoiz egin duen erronkarik anbiziotsuena da, euskaraz abesturik ere, estadio handietan aritu daitekeela aldarrikatuz.

Sarrerak salgai

Donostiako Anoeta Estadioko sarrerak igande honetan, ekainak 23, goizeko 9:00etan jarriko dira salgai www.muguruzafm.eus webgunean.

Gainontzeko hirietarako sarrerak ekainaren 25ean jarriko dira salgai, goizeko 9:00etan, hauek ere Muguruzaren webgunean.

Muguruzak gogorarazi duenez, “independentzia musikalaren, autogestioaren eta adierazpen askatasunaren garaipena izango da, 40 urteko ibilbide hau agertokien gainean ospatzea, oso kolpatua izan den belaunaldi bateko kide izan naizelarik. Kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musikaren, dantzaren eta aldarrikapenaren bitartez, memoria kolektiboaren, bizitzaren ospatzearen eta faxismoaren aurka egiteko, besarkaden erritua”.

Zabaldu: