Hainbat serietako 30 lan ikus daitezke erakusketan, maiatzaren 2ra arte.
Fernando Mardones artista bisual eta Leioako Arte Ederren Fakultateko irakaslearen Photodeklina izeneko erakusketa paratu dute Gasteizko Amarika aretoan, maiatzaren 2ra arte.
Hainbat serietako hogeita hamar bat lan biltzen ditu erakusketa honek, hainbat teknika grafikoren bidez sortuak, horien artean papera nabarmentzen da.
Erakusketak argazkien zeharkakotasuna erakutsi nahi du estanpen eta euskarri foto-inprimatuen bidez, memoriak ezkutuko balioak erregistratzen dituen tokia. Mardonesen esanetan, “badakigu irauten duten oroitzapenak sakonki grabatutakoak direla eta arrasto gisa geratzen direla. Ikusmolde horrek lotura du nire praktika artistikoarekin eta memorian fotograbatutako forma inprimatzeko asmoarekin. Gasteizko Amarika Aretoan, ‘ikus-oihartzun’ gisa eraldatutako argazki irudiaren adierazpen aukerak erakusten ditut, eremu zabaleko pintura baten testuinguruan, grabatua ekintza eta obraren argumentu gisa egituratzen den tokian”.
Mardones Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere praktika artistikoa grafikoan, pinturan eta eremu hedatuan kokatzen da.
Bere lanean sorkuntza plastikoa ikerkuntzarekin uztartzen saiatzen da. Ikertutakoaren aplikazio sortzailetik sortutako eragina egiaztatzen da bere lanetan, esperientziaren, aplikatutako prozesu teknikoaren eta artistaren pentsatzeko eta egiteko moduaren ondorio.