Katalogoaren helburua Nafarroako film laburrak babestea eta nazioarte mailan ikusgarritasuna ematea da.
Nafarroa nazioarte mailan ordezkatuko duten sei lanak aurkeztu dituzte Nafarroako Filmategian, Shortzinema katalogoaren bigarren edizioan.
Aurtengoan, askotariko gaiak eta tonuak lantzen dira aukeratutako fikziozko sei filmetan: landa-drama O filmean, komedia (R)ojo por (R)ojo pelikulan eta thrillerra Mamä lanean.
Dokumentalei dagokienez, honako alderdiak jorratzen dira: laneko prekarietatea Ballenas aplastadas por el hielo filmean, Mariburruntzi igeriketa-talde artistikoko 50 eta 60 urte arteko bederatzi emakumeren bizitzaren koreografia El vuelo de las libélulas lanean eta Krutxalteatik Uroinarat, Uztarrotzeko bizilagunekin batera Landarte programaren barruan modu kolektiboan egina.
Film laburrak adituen batzorde batek hautatu ditu, Nafarroako zuzendariek eta ekoizleek azken hamabi hilabeteetan egindako film laburrak saritzeko, sustatzeko eta hedatzeko asmoarekin.
Vianako Printzea Erakundearen Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Kultur Ekintza Zerbitzuak zehaztu duenez, “Shortzinema programan, Nafarroako film labur onenak hautatzen dira, sektoreko jaialdi, azoka eta merkatu garrantzitsuenetan aurkezteko eta Nafarroan, Estatu espainiarreko beste filmoteketan, kultur etxeetan eta zinema-areto komertzialetan zabaltzeko”,.
Ikusgarritasuna eta nazioarteko proiekzioa
Shortzinema katalogoaren helburua da Nafarroako film laburrak babestea eta horiei ikusgarritasuna ematea. ”Nazioarteko jaialdietan, film laburrei azpitituluak jartzeaz eta horiek banatzeaz arduratzen gara, baita film laburren proiekzioa espazio publiko zein pribatu askotan sustatzeaz ere, Corte programa bezalako ekimenen edo Nafarroako Filmategiaren bidez. Horrez gain, film laburrak Clermont-Ferrand-eko jaialdi ospetsua bezalako ekitaldi profesionaletan (film laburren Europako jaialdi nagusia) ezagutarazten saiatzen gara”.