Fipadoc dokumentalen festibala urtarrilaren 17tik 23ra egingo da, Miarritzen

Aurtengo berezitasunen artean euskarazko edo euskaraz azpititulatutako filmak daude. Horien artean dago Amets Arzallus eta Marc Parramonen Altsasu (gaur hura) dokumentala.

Urtarrilaren 17an hasi eta astebetez luzatuko da Fipadoc dokumentalen festibala aurten, Miarritzen. Orotara 200 lan proiektatuko dituzte hainbat areetotan eta horrez gain, estreinaldiak, topaketak, hitzaldiak… eskainiko zaizkie publikoari, profesionalei eta ikasleei.

Sarien artean nabarmentzekoak dira nazioarteko lehiaketakoa, Estatu frantses mailakoa, musika arlokoa eta IMPACT saria.

Bestalde, aurten balioan jarriko dira azken bi urteetan Belgikan, Hebereetan eta Luxenburgon ekoizturiko dokumentalak.

Euskaraz azpititulatutako filmak

Aurtengo beste berezitasun bat euskarazko edo euskaraz azpititulatutako filmak dira: Reconciliation, Baby Yar. Context eta Altsasu. Gau hura.

Marija Zidarren Reconciliation: Albaniako mendietan, familia arteko istilu baten ondorioz, 18 urteko neska gazte bat hiltzen dute. Bere aita suntsitua da, bertako apezpiku batek eta GKE bateko presidenteak presio handia sartzen baitiote hiltzaileari eta bere familiari barka diezaien, kristau gisa baina baita antzinako ohiturek, Kanun-ak eskatzen duen moduan.

Sergueï Loznitsaren Baby Yar. Context: 1941eko irailaren 29an eta 30ean, nazien armadako bi bataloik eta Ukraniako poliziak 33771 judu hil zituzten, tokiko biztanleen inolako erresistentziarik gabe, Babi Yareko arroilan, Kievetik hurbil. Film honek tragedia honen testuinguru historikoa azaltzen digu, orain arte ikusi gabeko artxibo irudien bidez.

Amets Arzallus eta Marc Parramonen Altsasu. Gau hura: 2016ko urriaren 15eko zorigaiztoko gauean Altsasuko taberna batean jazotako liskarrak zortzi gazteren atxiloketa eta gizarte oso baten altxamendua eragin zituen. Gertaeren berri jakindakoan, Marc Parramon dokumentalgileak eta Amets Arzallus kazetari eta bertsolariak Altsasura joan eta behaketa-ikerketa abiatzea erabaki zuten, ikuspegi intimo eta poetiko batetik, espetxeratzeak eta epaiketak hartu dituen hiru urteetan, hainbat protagonistaren egunerokoa jarraitzeko.

Zabaldu: