Artekartu 1. edizioko irabazleetako bat izan zen

Formatu txikiko euskarazko antzezlanen lehiaketa martxan da

Proposamenak 2022ko urtarrilaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira, Taulara deialdiaren bigarren edizio honetara.

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Taulara deialdia martxan jarri du berriro. Euskal Herriko antzerki munduko sortzaile, aktore eta taldeei zuzendutako deialdia da, eta euskarazko formatu txikiko antzezlanak bultzatzea du helburu. Aurtengoa bigarren edizioa izango da eta proposamenak 2022ko urtarrilaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Lehiaketak bi kategoria izango ditu: lehenengoan, jatorrizko gidoi onena sarituko da eta bigarrenean, berriz, jatorrizkoak ez diren gidoiak hartuko dira kontuan (2020tik hona sortutakoak izan beharko dira).

Proposamenak aurkezteko epea bukatutakoan, epaimahai batek jasotako lanak ebaluatu eta hiru lan hautatuko ditu. Astebeteko epean, epaimahaiak hiru proiektu irabazleak aukeratuko ditu eta horietako bat, gutxienez, Arabakoa izan beharko da. Ondoren, irabazleek zortzi asteko epea izango dute lanak prestatzeko, eta martxoaren 27an egingo da hiru antzezlan irabazleen aurkezpen publikoa Oihaneder Euskararen Etxean.

Orotara, 3.500 euro banatuko dira lau saritan. Epaimahaiak jatorrizko lan onenari 1.500 euroko saria emango dio, lehenengo kategorian. Horrez gain, 750 euroko beste bi sari banatuko dira, bigarren kategorian. Aurkezpen egunean hiru irabazleetatik batek publikoaren saria jasoko du (500 euro).

Proposamenak aurkezteko inprimaki hau bete beharko da, eta oinarrietan azaldutako irizpideak jarraitu beharko dira.

Zabaldu: