(argazkia: Mintzola Ahozko Lantegia)

‘Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian’ ikerketa proiektua aurkeztu dute

Proiektu proposamena Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk sinatu duten arren, hainbat herritarrek hartuko dute parte eta talde lanean ariko dira. Urtebeteko epea izango dute ikerlana garatzeko.

Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektua aurkeztu dute, Ordizian. Kilometroak Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean deitu duten bigarren ikerketa bekaren bidez garatuko da proiektua.

“Txapelketa Nagusia denean edo inguruko herriren batean saioa dagoenean, taldean mugitu izan gara; eta zer esanik ez, dauzkagun bertsolari pila. Berezia da”, azaldu du Oiarbidek. Arrazoi horiek eraman dituzte gabiriarrak herriko bertsozaletasuna aztertzera. Betidanik izan dute hori aztertzeko eta dokumentatzeko gogoa.

Ordiziako Barrena Jauregian egin da proiektuaren aurkezpena eta ikertzaile taldearen ordezkariak ez ezik, deialdian parte hartu duten erakundeek eta elkarteek ere hartu dute hitza. Mintzolako Beñat Gaztelumendik ikerketak egin ez ezik, haien aplikazioak duen garrantzia azpimarratu du, eta horretarako, iazko deialditik eratorritako Aiztondoren zirtotsa ikerlana jarri du adibide gisa. Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak honelako lanek euskararen sustapenean duten garrantzia jarri du balioan, eta kezka hori izanda, “etxeko lanak egiten jarraitu” eta Mintzolarekin abiatutako lankidetzarekin jarraitzeko prestutasuna adierazi du. Halaber, Gerriko Kultur Elkarteko Inaxio Usarraldek ikerketa bultzatzeko katebegian egotea “ohorea” dela adierazi du. Goierriko ikastolen izenean, San Benito ikastolako Xabier Maizaren arabera, “Kilometroak jaiaren ostean, Goierritik joango da, baina joan aurretik ahozkotasunaren inguruko lan bat eskaini nahi zaio herriari”. Hori izango da Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian.

Proiektua Oiarbidek eta Akizuk sinatu duten arren, taldean egingo dute ikerlana beste zenbait gabiriarrekin batera. Aratz Igartzabal eta Oiarbide bera izan dira taldearen ordezkari aurkezpena egiterakoan, baina taldekide gehiago ere izan dira; tartean izan da Endika Igartzabal: “Txikitatik jaso dugu bertsoa zerbait ohiko bezala. Guretzat ere polita da ikustea nondik datorren hau, zergatik gauden egoera honetan, zenbat kasualitate gertatu diren edo zenbat lan egin den hona iristeko”.

Kideek erosoen sentitzen diren horretan egin ahal izango dute ekarpena, eta hala banatu dituzte egitekoak: elkarrizketak egiten eta dokumentazioa jasotzen ari dira orain. Gabiriarekin eta bertsolaritzarekin lotutako anekdota, ikus-entzunezko, irudi edo antzerakorik izanez gero, gabiribertso@gmail helbidera bidaltzea eskertuko dutela azpimarratu du Mintzolak.

Zabaldu: