Hainbat belaunalditako poetari luzatutako galdera bat du abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean?. Edorta Jimenez, Tere Irastortza, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz eta Leire Vargas idazleak, Mikel Martinez antzerkilaria eta Eñaut Elorrieta musikaria izango dira parte-hartzaileak.
50 urte bete dira aurten Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrarekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua.
Egitaraua ekainean estreinatu zen Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu eder batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez. Orain, Euskaltzaindiak egun osoko jardunaldia antolatu du, Arestik euskal idazleengan izandako eragina aztertzeko. Horrela, poetaren heriotzaren 50. urteurrenean hainbat belaunalditako idazleei egindako galdera bat du abiapuntu jardunaldiak: Zer ikusten duzu Arestiren ispiluan zeure burua islatzen duzunean? Edorta Jimenezek, Tere Irastortzak, Sonia Gonzalezek, Harkaitz Canok, Iñigo Astizek eta Leire Vargasek beren gogoeta poetikoak eskainiko dituzte jendaurrean, norberak Arestiren betaurrekoak jantzita.
Goizeko 09:30etik 13:30era izango da hori, eta, arratsaldean, antzerkia eta musika uztartuko dira ordu betez, Mikel Martinez eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Bilbotar antzerkilariak Olerkari bakarrizketa emango du (19:00etan), eta Gernikako musikariak Aresti kantatuz kontzertua (19:30ean).
Bestalde, jardunaldian bertan bilduma berri bat aurkeztuko du Euskaltzaindiak: Galda. Bildumaren helburua Akademiak antolatzen dituen literatura-ekintzen testigantza idatzia jasotzea da, dibulgazioa egiteko jaso ere. Honela, lehen zenbakiak azaroaren 14ko jardunaldiaren hitzaldiak jasoko ditu eta bertaratzen diren literaturazaleen artean banatuko da.
Gabriel Arestirekin antzezlana
Aurreko egunean, azaroaren 13an, antzerki-saioa izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko auditorioan (Leioa). EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatu du, Euskaltzaindiaren laguntzarekin. 11:00etan izango da hitzordua, eta Kandido Uranga eta Inazio Tolosa izango dira oholtza gainean, bi zatitan banatzen den testua gorpuzteko. Lehenengoko zatia (Gabriel Aresti Eibarren) Pedro Alberdi idazlearen ipuin batean oinarrituta dago. Arestik Eibarren lan egin zuen garaia zela eta, Alberdik bere egunerokotasuneko hiruzpalau ordu ipuin eder batean birsortu zituen. Bigarren zatian, Arestiren Harri eta Herri liburuko Profeta bati letrako poema errezitatzen dute.