(argazkia: Euskaltzaindia)

Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu dute Bilbon

Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia.

Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea 1975eko ekainaren 5ean zendu zen, 41 urte zituela. Urtemuga hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak xx. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko hainbat ekitaldi antolatu ditu Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean.

Andres Urrutia euskaltzainburuak akademiaren egoitzan egin duten prentsaurrekoan ekainean hasi eta abendura arte luzatuko den egitarauaren helburua zein den azpimarratu du: “Oro har, Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Izan ere, euskal herritar asko dago oraindik ere Aresti nor izan zen ez dakiena, ez eta hark euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena ere. Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz”.

Urrutiak aipatu duenez, “herri handi eta hiriburuek euskararen biziberritzean duten zeregina azpimarratu nahiko genuke. Euskara eta euskal kultura askotarikoa dela erakutsi nahi dugu eta askotarikoen artean ehuntzen dela bistaratu. Denon euskara nahi dugu, eta denontzat”.

Hori dena betetzeko, hamar ekimen aurreikusi dira (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), ondorengo sei hilabeteotan gauzatuko direnak.

Egitaraua ikusteko, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna