50 urte ba(GA)rik du izena erakusketak eta hain ezagunak ez diren Arestiren kontu autobiografikoak biltzen ditu, eta, horiekin batera, haren lanen lagin deigarri bezain interesgarriak: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak… Erakusketa azaroaren 7ra arte bisitatu ahal izango da.
50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak Bilbon, “XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko”.
Euskararen Akademiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du ekainean aurkeztu zen egitaraua eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.
Orain, Euskaltzaindiak “erakusketa bitxi bezain deigarria” muntatu du Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian: 50 urte ba(GA)rik. Erakusketa horrekin, Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera eman nahi dira, eta, bide batez, Arestiren ekarria balioan jarri,.
Erakusketan hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak ageri dira, eta, horiekin batera, haren lanen lagin deigarri bezain interesgarriak, edozenbat paneletan jasota: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak…
Euskaltzaindiak azaldu duenez, “deskribapen eta poema-lagin gehienak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1967), Harrizko herri hau (1970) eta Azken harria (1976) poemarioetatik jaso dira. Baina Egan eta Anaitasuna aldizkariak ere arakatu dira, Arestiren jatorrizko testuen bila, haren idazkera zehatza agertuz, garai hartako euskara batuaren ahalegina, adituek behin eta berriz azpimarratu izan duten bezala”. Antzerki-piezak ere idatzi zituen Arestik, tartean, Oilarganeko etxola batean. Hona hemen antzezlanaren hasierako deskribapena: “Basa hondatu bat… ferde iluna. Laharrak edonundik. Arnotegi mendiaren atzekaldea da. Aldapa gora erpina. Etxolen itxurak edonundik. Eskuman, goialdean, burdin-mehatz abandonatuak…”.
Itzulpen-lanetan ere jartzen du begia erakusketak. Arestik Don Kixote Mantxako eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an (gero, Susak argitaratu zituenak, 1986an), Eugéne Pottierren Internazionala (gero Anaitasuna aldizkarian argitaratu zena, 1977an) eta Nazim Hikmet turkierazko idazlearen poema batzuk (Lau gartzelak izenburupean, Lur, 1971) ekarri baitzituen euskarara, besteak beste. Bere idatziak ez ezik, idazlearen ahotsa entzuteko aukera ere ematen du Foru Liburutegiko laginak.
Gainera, Arestiren lanetan leku berezia dute bai Bilbok bai Meli Esteban bere emazteak, eta erakusketa honetan ere nabarmen ikus daiteke hori dena. Azkenik, familiak lagatako objektu ugari dago erakusketan; besteak beste, Arestiren idazmakina eta haren betaurreko ezagunak.